Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Uholde arriskua gutxitzeko Urumea ibaia garbitu egingo dute

Asteburuan bizilagunak Urumeari begira, Martutenen. (Argazkiak: Estitxu Zabala)

Asteburuan bizilagunak Urumeari begira, Martutenen. (Argazkiak: Estitxu Zabala)

Otsailaren lehen hamabostaldian Urumea ibaiko oztopoak aztertu eta zerrendatuko dituzte, eta ondoren lehentasunen arabera garbitzen hasiko dira. Udalak eta URA, Uraren Euskal Agentziak atzo egin zuten bileraren ondoren etorri da ibaia garbitzearen erabakia. Izan ere, uholdeak ekidin eta sortzen diren kalteak gutxitzeko Urumea ibaian eta inguruetan lan egitea udal gobernuaren lehentasun nagusia izan dela beti esan du Juan Karlos Izagirre, alkateak. Urumearen inguruan bi konpromiso hartu zituen Bilduk legealdia hasi zenean: larrialdi plana hobetzea eta erakunde arteko batzordea abian jartzea. Bi arloak ondo ari direla lanean esan du Izagirrek, eta bietan herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela ere azpimarratu du. “Lan ildo hauetatik etorriko dira behin betiko irtenbideak, baina bien bitartean epe motzeko eta berehalako erabakiak eta neurriak hartu beharra dago; horixe baita auzotarren kezka nagusia: epe motzean zer egin behar den Urumean”, esan du Izagirrek. Ibaia garbituko dute Asteburuan urak eragindako kalteak aztertzeko Loiola eta Martuteneko bizilagunekin bildu zen asteartean udal gobernua. Han bildutako kezka eta ideien ondoren, eta URA-rekin izandako bileraren ondoren, erabaki bat hartu dute: Urumea ibaia garbitu egingo dute, uholde arriskua gutxitzeko.
Juan Karlos Izagirre eta Ricardo Burutaran. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Juan Karlos Izagirre eta Ricardo Burutaran. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Otsaileko lehen hamabostaldian Urki kirol elkarteko kideekin batera ibaia ikuskatuko dute bertako oztopoak sailkatzeko. Oztopoak naturalak izan daitezke, enborrak eta adarrak adibidez. Eta baita hondakinak ere; zaborrak. Traba horien ondorioz ibai ertzean sortzen diren pilaketak ere aztertuko dituzte. Zerrenda bat egin, eta lehentasunen arabera ibaia garbituko dute ondoren. Asteburuko kexa nagusia Euriteak iragartzen dituztenean edo alarma egoeratan Loiolako zubia egiteko lanetan ibaian pilaturik dauden hondakinak kentzeko ardura URA-rena da. Makina bat izaten dute ibai ertzean horretarako prestatuta. Baina asteburuan ez zuten euren hitza bete eta herritarrak kexatu egin dira. Atzoko bileran Uraren Euskal Agentziari arduratsu jokatzeko eskatu ziotela esan du alkateak. Bestetik, udal gobernuak ulertzen du herritarren haserrea, eta beraien kexak auzo elkarteen bidez bideratzeko eskatu die Izagirrek, “indarrak batuta emaitza hobeak lortzeko”. Zentzu berean egin die alkateak deia oposizioko alderdiei ere. Alde batetik, beste egitasmo batzuei lehentasuna kendu eta Urumean egin beharreko inbertsioak lehenesteko eskatu die. “Urumean inbertitzeko eskatu behar zaie beste erakundeei, eta guztiok elkarrekin presio handiagoa egin dezakegu”, esan du Izagirrek. Bestetik, 2014rako aurrekontu proiektuan sei milioi euro aurreikusi ditu udal gobernuak Urumean inbertitzeko, eta asmo horiek ez oztopatzeko eskatu die Izagirrek oposizioko alderdiei.
HITZAkide HITZAkide