Gauerdira arte alerta laranja mantenduko dute
Itsasgora 18:41etan izango da eta Donostiako Udalak herritarrei arduraz jokatzen jarraitzeko eskatu die.
Eguzkia lagun, barteko denboraleak utzitakoa ikustera jendetza hurbildu da. “Izugarria da”, esaten zuten behin eta berriro hiritarrek gertatutakoa sinestu ezinik. Olatuek gogor jo dute kostaldea eta Donostian kalte material ugari eragin dituzte. Parte Zaharreko bizilagunek ura txikatzen eman dute goiz osoa, Zurriola pasealekuan harea da nagusi eta hiriko Mundaiz, Maria Kristina eta Kursaal zubiak itxi dituzte.
Parte Zaharrean uholdeak sortu dira goizaldean ura sartu denean. Narrika kaleko bizilagun batek IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, esnatu direnean argirik gabe zeuden eta ezin zuten ezer ikusi. “Gertatzen ari zena ikusteko, atarira jaitsi ginen eta ura dagoeneko barruan zegoen. Igogailuan ere zertxobait sartu da eta ez dabil. Kalera irten ginean, ura gerriraino iristen zitzaigun”. Hala ere, kalte handienak inguruko lokalek jasan behar izan dituztela aitortu du.
Zubiei dagokienez, Kursaal, Mundaiz eta Maria Kristina zubiak itxita daude, bai oinezkoentzako eta baita autoentzako ere. Santa Katalinakoa, berriz, autoentzako irekita dago, baina oinezkoak alde bateko espaloi batetik bakarrik pasa daitezke, beste aldeko baranda zati bat olatuek hautsi dutelako.
Zurriola hondartzako pasealekuan, udal langileak, palen bitartez, errepidean pilatu den harea kendu dute. Inguru horretan adarrak ere ikusi ahal izan dira. Frantzia pasealekuko horma zati bat apurtu da. Ondarreta inguruan, kalte nabarmenak Donostiako Tenis Elkartekoa izan da. Gainera, hondartzako kabinak “igerileku” bat ziruditen.
Bitxikeria moduan, Parte Zaharreko Ikatz kaleko taberna batean denboraleak eragindako olatu eta uholdeen bideoak jarri dituzte. Interneten ikusi dituzten hunkigarrienak hautatu dituzte eta bertaratzen ziren hiritar zein atzerritarrei erakutsi dizkiete.
Kaltetuentzako informazio gunea
Donostiako Udalak informazio gune bat ireki du Udalinfon denboraleak kaltetutako pertsonek izan ditzaketen zalantzak argitzeko, eta bihar, goizeko 9:30ean, bilera informatibo irekia egingo du Udalbatza aretoan. Facebook kontu bat martxan jarri du baita ere – otsailak 2ko olatuengatik kaltetua- eta laster Twitterren beste bat irekiko da eta bertan tramiteak bideratzeko gomendioak daude.



