Jipoi handia jaso du Realak Vicente Calderonen (4-0)
Bigarren gola iritsi arte, lehiakor aritu da talde txuri-urdina.
Realak hiru puntuak behar zituen Txapeldunen Ligako postuetatik gertu jarraitzeko, baina Atletico Madrilek ez du aukerarik galdu Ligako lehen postua eskuratzeko eta garaipena lortu du (4-0).
Villaren golaz gain, lehenengo zatiak ez du askoz gehiagorako eman. Bigarren zatian, berriz, txuri-urdinek neurketa ona jokatu dute. Izan ere, aurkariak atzean mantendu dira eta Reala erasotzen saiatu da, baina Atletico Madril talde eraginkorra da eta bigarren gola sartzea lortu du. Hortik aurrera, talde txuri-urdina erakusten ari zen maila galtzen joan da eta beste partida bat hasi da. Hirugarren golarekin Atletico norgehiagokaren jaun eta jabe bihurtu da eta laugarrena 42. minutuan etorri da.
Horrenbestez, Jagoba Arrasateren taldea zenbait unetan sendo mantendu da, baina partida xume batekin ez da nahikoa izan eta Atletikok egon diren gol aukera eskas guztiak sartu ditu, Realak izan dituen hutsuneak ongi baliatuz.



