Arratsaldean irekiko dituzte Maria Kristina eta Mundaiz zubiak
Udalak Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Gobernuarekin bilerak egingo ditu egoera azaldu eta eskumenen araberako laguntzak zehazteko.
Nora Galparsoro, Azpiegitura zinegotziak eta Juan Karlos Izagirre alkateak atzoko enbataren balorazioa egin dute. Alerta gorria bete eta gertatutako oso larria izan dela esan dute. Dena dela, larrialdi zerbitzuetan parte hartutako pertsona guztien lana azpimarratu dute, “oso lan eraginkorra egin dute, eta kalte pertsonalak eta larriagoak ekidin dituzte”, esan du alkateak.
Goiz da oraindik kalte material eta ekonomikoak zenbatzeko eta ez dela zenbateko bat ematera ausartzen adierazi du alkateak; dena dela, erakunde arteko lana ezinbestekoa izango dela aurreratu du konponketak bideratzeko, eta berehala hasiko direla bilerak egiten. Gaur bertan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu da alkatea udaletxean.
Kalte materialak oso handiak izan dira. Atzo goizaldeko 4:00etan bildu zen krisi-mahaia. Goizeko lehen orduan kalteen lehen balorazioa egin eta garbiketekin hasi ziren. Galparsorok adierazi duenez, trafikoa normaltasunez bideratzea izan zen lehentasuna. Eta gaur oinezkoentzako bideak garbitzen ari dira, normaltasunez mugitu ahal izateko batetik bestera, segurtasuna bermatuz betiere.
Zubiak
Galparsororen arabera zubiak izan dira kalte gehien jasan dutenak. Guztiak itxita egon ziren atzo, eta egituran kalterik ez zutela egiaztatu ahala ireki dituzte. Maria Kristina eta Mundaiz zubiak gaur arratsaldean irekiko dituzte. Mundaizek kalteak jasan ditu egituran, baina ez dago arriskurik. “Ura erreka betean etorri zen gora. Sekulako indarra hartu zuen, eta Mundaiz zubia ez dagoenez lurrean eutsirik, urak altxatu egin zuen”, esan du Galparsorok.
Gaur eta bihar jarriko dituzte zubietan apurtu diren baranden ordezkoak. Behin-behinekoak izango dira, dituzten ezaugarriengatik berezkoak konpontzeak lan handia izango baitu, eta hilabeteak pasako dira lehengo itxura berreskuratu arte.
Paseo Berria
Kaleak garbitzea izango da ondorengo orduetako zeregin nagusia, baina itsasertzaren egoera ere aztertuko dute. Horretarako txalupa batekin ibaian barrena ibiliko dira, hondartzetan eta itsasertzean. Galparsorok esan duenez, Espainiako Gobernuko kostaldeko arduradunei ere luzatu diete gonbita, “egoera bertatik-bertara” ezagutzeko.
Paseo Berriari dagokionez, egonkortze lanak hasteko guztia prest zegoenean etorri da azken enbata, eta kalte nabarmenak egin dituela onartu du Galparsorok. Dena dela, egoera aztertu, eta aurreikusitako lanekin hasteko moduan diren ala ez zehaztuko dute ondorengo egunetan.
Kaltetuekin bilerak
Larrialdi zerbitzuak oso eraginkorrak izan zirela azpimarratu du alkateak. Kalteak nabarmenak izan dira eta herritarren kezka ulergarria dela gaineratu du, beraz, lasaitasunerako deia egin die eta ondorengo ordu eta egunetan egoera bere onera etortzeko ahalegin guztia egingo dutela esan du Izagirrek.
Kaltetutako elkarteekin bilera egin zuten atzo. Gaur goizean, berriz, kaltetutako jabe eta herritarrekin egin dute bilera udaletxean, euren kezkei erantzun eta izapideak zehazteko.
Alkateak esan duenez, garrantzitsuena kaltetuek gertatutakoa jakinaraztea da. Bai udaletxean eta baita aseguru partzuergoan ere, azken hau baita kalte-ordainak ordainduko dituena.



