Barandak, eskailerak, hormak eta galtzada-harriak dira egitura kaltetuenak
Donostiako udalak zerrenda bat bidali du igande goizaldeko denboraleak eragindako kalteen berri zehatza emateko. Ohar horren arabera, barandak, eskailerak, hormak eta galtzada-harriak dira egitura kaltetuenak, besteak beste.
Zurriolan, aldageletara doan eskailera oso falta da, hamarnaka metro barandaz gain. Monpasen, kirol gunearen itxitura dago hondatuta.
Jesus Mari Leizaola pasealekuan galtzada-harriak ere kaltetu ditu itsasoak. Zonalde honen konponketa kostako morruari zein irtenbide emango zaion jakin arte atzeratuko dute. Ondorioz, pasealekua abisu berrira arte itxita egongo da. Hori bai. Kursaaleko terrazak garbitu egingo dituzte eta egoera onean daudenean irekiko dituzte; bihar, ziurrenik.
Kursaal zubiak baranda zati handi bat galdu du, eta Santa Katalina zubiko 28 metro inguruko baranda zati bat uretan da. Baranda babesteko hesia atzera bota dute, eta horrela kaltetutako espaloian oinezkoen pasabidea ireki dute.
Salamanka Pasealekuan baranda metro asko daude kaltetuak, eta Pasealeku Berrian, zehazki, 150 metro petril falta da, besteak beste, kristalezko baranda osoaz gain. Kontxa pasealekuan baranda zati asko hondatu ditu itsasoak.
Frantzia pasealekuan 18 metroko horma eraiki beharko dute, baita hareharri gailurra eta altzairuzko baranda zuria bere tokian jarri ere. Maria Kristina zubiari dagokionez, egitura aztertu eta gero, zubia ibilgailuentzat irekitzea erabaki dute. Ondorioz, ibilgailu eta oinezkoei irekiko zaie beharrezko hesiak jarri eta gero, baina kaltetutako baranda duen espaloia itxita mantenduta.
Lehendakari Agirre zubian ere kalteak izan dira; dagoeneko kristalezko baranda hornitzen duen enpresarekin jarri da harremanetan udala, falta diren zatiak jarri ahal izateko.
Mundaiz zubiaren egitura ere egoera onean dagoela ikusi dute; eta ibilgailuei irekitzeko moduan dagoela ondorioztatu dute.
Eduardo Txillida pasealekuan, oinezkoentzat pasabidea ireki dute, Haizearen Orraziraino. Garbiketaren ondoren, ibilgailuentzat irekiko dute. Eskulturen gunean, galtzada-harriak ordezkatuko dituzte.


