Iñigo Urkullu eta Martin Garitanorekin bildu da alkatea
Biharko, asteartea, abisu laranja eman dute haizearengatik eta asteazkenean abisu laranja olatuengatik. Krisi mahaia bihar bilduko da berriz, konponketak nola doazen aztertu eta denborale berriaren aurrean hartu beharreko neurriak adosteko.
Donostiako Udala Eusko Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiarekin eta Madrilgo Kosta Zuzendaritzarekin hitz egiten ari da, denboraleak sortu dituen kalteak konpontzeko diru laguntzak lortzeko. Gaur bertan Juan Karlos Izagirre alkatea Iñigo Urkullu lehendakaria eta Martin Garitano Diputatu Nagusiarekin bildu da eta kaltetutako eremu batzuk bisitatu dituzte. Bestetik, udal teknikariak eta Kosta Zuzendaritzako kideak ere bildu dira.
Konponketak
Udal zerbitzuek lanean jarraitzen dute hiriko zirkulazioa bere onera itzultzeko. Horrez gain, hondartzak garbitzen ari dira eta kabinetako kalteak aztertzen. Bestalde, suhiltzaileek etxebizitzetatik eta lokaletatik ura ateratzen jarraitzen dute. Zuloagako aparkalekua, adibidez, gaur irekitzea espero dute.
Udal Zerga Biltegian ere kalteak izan dituzte, baina zerbitzu normaltasunez eskaintzen ari dira.
Kalteak
Kalteak handiak dira eta Udalak jada zerrenda egin du, baina hiriko toki jakin batzuk berrikustea falta da oraindik.
Honakoak dira kalte nabarmenenak: Kontxan, baranda, eskailerak, arrapalak eta oinaldeak; Eduardo Txillida pasealekuan, 25 metro baranda eta arrapalaren ondoko horma; Ondarretan, eskulturen gunea, horma eta lorategia; Pasealeku Berrian, 150 bat metro petril, 60 metro baranda, farolak, bankuak eta abar; Zurriolako zubian, 40 metro baranda, kare-harrizko oinaldea barne; Jesus Mari Leizaola pasealekuan, 20 metro baranda, galtzada-harriak eta harlauzak; Kursaaleko zubian, 40 metro baranda; Santa Katalina zubian, 30 metro balaustrada eta zubiko zenbait pieza; Frantzia pasealekuan, 15 metro baranda eta pretila; Salamanca pasealekuan, 10 metro baranda eta harlauzak; Maria Kristina zubian, 40 metro balaustrada eta herensugeak; Araba parkearen ezkerraldean, 7 metro kostaldeko horma eta eskailerak; Agirre Lehendakariaren zubian, oholen % 30a; eta Ur Kirolak-en, harrizko 15 metro lubeta.


