Kalteen berri ematea da herritarrek eman behar duten lehen pausoa
Denboraleak modu batean edo bestean kalteak eragin dizkien herritarrekin bilera irekia egin dute gaur goizean udaletxean, Udalbatza aretoan. Juan Karlos Izagirre alkatea, Nora Galparsoro, Axier Jaka eta Ricardo Burutaran zinegotziak, Fernando Larrañaga aseguru partzuergoko ordezkaria eta Amaia Agirreolea, Partaidetza saileko arduraduna izan dira bertan.
Kaltetuen zalantzei erantzutea izan da bileraren helburua eta horretan aritu dira ordu eta erdiz gutxi gora-behera. Egin beharreko izapideak zehaztu eta jarraibideak eman dizkiete herritarrei.
Kasu honetan atzoko kalteak itsasoak eragindakoak direnez, aseguru partzuergoak ordainduko ditu kalte-ordainak. Horregatik, lehen pauso gisa, kalteen berri ematea dela zehaztu dute. Hau da, kalteren bat duten bizilagunek aseguru partzuergoan erregistratu behar dute. Bere webgunean, Consorseguros.es deskarga daiteke erreklamazio agiria. Hortaz gain, Udalari gertatukoaren berri eman behar zaio. Izan ere, kaltetuen erregistro bat egingo dute, eta zerrenda horien arabera zehaztuko dituzte ondoren eman beharko diren pausoak: aseguru gabe zeuden herritarrei laguntza ematea, edo negozioa berregiteko konponketak egin behar dituztenei baldintza bereziak ezartzea, esaterako.
Kalteak jasan direla frogatu behar da. Horretarako ohikoena argazkiak ateratzea da. Argazkiak Udaltzaingoak edo norberak atera ditzake. Norberak ateratakoak badira Udalera bidali behar dira, relaciones_publicas@donostia.org helbidera. Bertan jaso eta baliozkotu egingo dituzte, hau da, benetakoak direla frogatuko dute. Froga horiek peritoei pasa eta kalteak neurtuko dituzte hauek.
Fernando Larrañagak adierazi duenez, gaur goizeko 8:00etan hasi dira peritoak lanean: “Ulertzen dut jendearen ezinegona, baina oso ordu gutxi pasa dira oraindik, eta hala ere, izapideak oso azkar egiten ari dira”.
Kalteen argazkiak edo frogak baliozkotu arte, garbiketa lanak ez egitea litzateke berez egokiena. Horixe izan da, hain zuzen ere, herritar askoren zalantzarik handiena. Norberak garbiketak egin aurretik ateratako argazki horiek nahikoa froga izango ote diren ala ez. Zentzu horretan, Udaltzaingoaren ordezkari batek argitu du, kalteak hain nabarmenak izan direnez, hainbat lokal, garaje edo ataritan izandako kalteak bistakoak direla, eta erraza izango dela baliozkotzeak egitea. Dena dela, inork zalantzarik balu edo argazkiak ateratzea nahiko balu 092 telefonora dei dezake. Kasu guztietan, frogak baliozkotu diren ala ez jakinaraziko zaie kaltetuei.
Ontziak
Aseguru partzuergoa ez da uretan zeuden ontzien kalteez arduratuko. Halako egoeran dauden herritarrak bere aseguru etxearekin jarri beharko dute harremanetan.
Edukiontzi bereziak
Nora Galparsoro, Azpiegitura zinegotziak esan duenez edukiontzi berezi bat jarriko dute Trinitate plazan, urak kaltetu dituen elementuak bertara botatzeko. Dena dela, urak eramandako ohiko edukiontziak ere lehengo lekuetan jartzen ari dira dagoeneko, eta beharra handiagoa dela ikusirik, edukiontzi gehiago jarriko dituzte hainbat puntutan. Tamaina handiko gauzak edukiontzi ondoan utzi behar dira.
Atzoko enbata oso gogorra izan zen eta kalte materialak ere handiak izan direla onartu dute ordezkariek. Dena den, atzokoa bortitza izan bada ere, Donostiako itsasertzeko olatuak gero eta gogorragoak direla salatu dute Parte Zaharreko hainbat bizilagunek. Itsasertzeko harriak jarri zirenetik olatuen norabidea aldatu egin dela esan dute. Herritarrek badakite Espainiako Gobernuarena dela ardura, baina herritar gisa ezin dutenez haraino iritsi, Udalaren gain utzi dute ardura; Espainiako Gobernuari erantzunkizunak eta irtenbideak eskatzea nahi dute.



