"Urak ukitu duen guztia hondatu du"
Denboraleak igande goizaldean olatu handiak ekarri zituen kostaldera eta Parte Zaharrean eta Kontxan ura sartu zen, uholdeak sortuz eta kalte material larriak eraginez. IRUTXULOKO HITZA zenbait kaltetuekin izan da bizitakoa azaltzeko eta jasan dituzten kalteen berri emateko.
Francisca Aranjuelo, Abuztuaren 31ko kaleko bizilaguna: “Erreka bat balitz bezala ikusi nuen kalea”
“Seiak aldera komunera jaiki nintzen eta olatuen abisua zela eta, balkoira atera nintzen zerbait gertatu zen ikustera. Erreka bat balitz bezala ikusi nuen kalea. Behera jaitsi eta ataria urez beteta zegoen, 48 zentrimoko altuera zuen. Kalean zegoen urak metroa pasatzen zuen. Zazpietan argirik gabe gelditu ginen eta zortziak aldera kalean dauden estoldak ireki zituzten, pilatuta zegoen ura hortik ateratzeko, segurtasuna bermatuta zegoen. Atariko urak alde egin zuen, baina zikintasuna izugarria da, belarrak eta guzti sartu dira. Orain kezkatzen nauena beheko sotoa da. Ez du inork erabiltzen eta urez beteta badago, kendu beharko dugu”.
Coro Odriozola, Sade ikuskizunen enpresako kudeatzailea: “Emanaldiak bertan behera geratu ziren, udaltzaingoak ez zuelako inor pasatzen uzten”
“Larunbat gauerako alerta gorria ezarrita zegoen baina gure Principe zinema aretoak ireki genituen. Arratsaldean hainbat pelikula proiektatu genituen arren, ordu batetik aurrera emanaldiak bertan behera geratu ziren, udaltzaingoak ez zuelako inor pasatzen uzten. Jendeak ezin zuen Zuloaga plazan sartu. Goizaldean olatu bat indarrez sartu zen eta ate bat hautsi zuen. Horrela, aretoetan ura eta hondarra sartu zen. Egia esan, pentsatzen genuena baino okerragoa izan da”.
Manolo Dioni, Rotonda dantzalekuko jabea: “Beira osoa txikitu zuen olatua ikusi genuen”
“Egun horretan dantzalekua ez irekitzea erabaki genuen. Bagenekien zetorrena larria izango zela, eta segurtasuna mantendu nahi izan genuen. Laurak aldera Kontxa pasealekura jaitsi ginen eta beira osoa txikitu zuen olatua ikusi genuen. Ez duzu sinetsi nahi, zerbait tente mantendu dela uste duzu. Hasieran ateak ezin ziren ireki, enborrak nonahi zeuden, baina sartu ginen bezain laster, dena apurtuta eta nahastuta zegoela ikusi genuen. Azken lauzpabost denboraleetatik gogorrena izan da”.
Oihana Pagoaga, Hegalak Kirol Zentroko zuzendari teknikoa: “Urak ukitu duen guztia hondaturik dago”
“Dena geneukan prest. Beira misilen aurkakoa zela esan ziguten erosi genuenean; hala ere, tabloi batzuk jarri genituen eta ateetan ere zaku batzuekin presa antzeko batzuk egin genituen. Beste denborale batzuk pasa ditugu, baina oraingo honetan ura barruraino sartu da. Kalteak zentroko alderdi batean izan dira, guk zonalde medikoa deitzen diogun horretan. 10-15 zentrimetro bitarteko altueraraino iritsi da ura eta gazia denez, zenbait makina hondatu dira. Kalteak aseguruari pasako dizkiogu eta ea zer kubritzen duen. Printzipioz bihar irekitzea da gure helburua, lehenbailehen dena martxan jarri nahi dugu”.
Milagros Prior: “Azkenaldian olatuak aldatu dira, indar handiagoarekin datoz”
“Nire semea eta bilobak San Juan kalean bizi dira eta euren etxeko beira erabat apurtu da. Nire semeak bazekien ura sartuko zela eta itxaroten egon zen gau osoan zehar, uholderik ez sortzeko. Hiru olatu jarraian etorri ziren eta hirugarrena zuzenean sartu zen. Azkenaldian olatuak aldatu dira, indar handiagoarekin datoz. Kursaalari eta Zurriola hondartzari mesede egin nahian, guk orain kalteak jasan behar ditugu. Konponbide bat eskatzen dugu”.







