Gazte auzipetuak, auzitegira sartu baino lehen. (Argazkia: Hodei Iruretagoiena)
Espainiako Auzitegi Nazionalean azken saioa izan dute gaur 6/11 sumarioko gazteek; epaiaren erabakiaren zain geratu dira.
26/11 sumarioan, 36 gazte —eta agertu ez ziren laurak: Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoya Iragorri— epaitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segiko kide izatea egotzita. Gaurko saioarekin bukatu da gazte mugimenduaren kontrako epaiketa.
Sei donostiar daude epaituen artean: Maialen Eldua (Egia), Asier Coloma (Parte Zaharra), Mikel Esquiroz (Intxaurrondo), Garazi Rodriguez (Gros), Aitziber Arrieta (Parte Zaharra) eta Eihar Egaña (Amara).
Auzipetuen abokatuak, akusazioek bakoitzaren aurka aurkeztutako frogei, banan-banan, balioa kenduz joan dira epaiketan. Maialen Elduak Irutxuloko Hitzari adierazi dio auzipetuak gustura daudela defentsak egindako lanarekin:”Defentsak banan-bana desmuntatu ditu gure aurkako froga guztiak. Agerian utzi ditu frogen inguruko inkoherentzia guztiak”.
Gazteak iazko urritik ibili dira Madrilera joan-etorrian, Donostiatik Espainiako Auzitegi Nazionalera. Absoluzioa eskatzen du defentsak auzipetuentzat. Seina urteko kartzela zigorra fiskalak.
Abokatuek salatu dituzte polizien hipotesiak, aldez aurretik ezarritako ondorioak eta torturapean lortutako inkulpazioak direla gazteen kontrako akusazio guztiak. Fiskaltzaren argudio nagusia da Segik “instrumentalizatu” egiten zuela gazte mugimendua: Gazte Independentistak, gaztetxeak, gazte asanbladak, martxak, topaketak eta bestelako ekitaldiak.
Maialen Elduak azaldu du Egian txozna bat antolatzea leporatu diotela, eta txozna hori Segirena zela. Eihar Egañaren kasuan azaldu du 51 dokumentu aurkitu zituztela bere etxean, eta horietatik 48 Amarako Jai Batzordearenak zirela. Easo plazan zegoen txozna bat Segiren alde dirua lortzeko txozna zela jarraitu du Elduak.
Defentsaren esanetan, ordea, ez dago gazteak Segirekin lotzen dituen frogarik, eta eskatzen duten zigorra “desproportzionala eta konstituzioaren kontrakoa” da. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko eskaera ere egin du horregatik.
Defentsaren ondorioak irakurriz amaitu da epaiketa, eta epaiaren zain geratu dira. Epaileak auzipetuei azken hitza eman dienean, hala esan diote: “Gure alegatua Euskal Herrian aurkeztu zuten ostiralean 40 lagunek, eta gure herriaren gehiengoak babestu du. Ez daukagu gehiago esateko”.