http://youtu.be/dfGNLSlbec4
Enbatak eragindako kalteen lehen datuak biharko ematea espero duela plazaratu du alkateak.
(Bideoa: Vision Air Filmsek atzo jasotako irudiak)
http://youtu.be/dfGNLSlbec4
Enbatak eragindako kalteen lehen datuak biharko ematea espero duela plazaratu du alkateak.
Kalteak uste baino larriagoak izan direla, eta aurreikuspen guztiak gainditu dituela adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak Euskadi Irratian egindako adierazpen batzuetan. Kostaldea hondamendi eremu izendatzeko aukerari buruz galdetu diote, baina lege aldaketak egon direla aipatu du, eta aukera hau Jaurlaritzari dagokiola iradoki du. Halere, enbatak eragindako kalteei aurre egiteko garrantzitsuena erakunde guztien inplikazioa dela azpimarratu du. Asteburuan gertatutakoari tratamendu berezia ematea beharrezkoa dela adierazi du, eta erantzun bateratua eskatzen duela berretsi du: “Denok ditugu gure ardurak, oso ondo definituak gainera. Atzo instituzio guztiak elkarrekin aritu ginen Donostiako kalteak ikusten, eta lehen borondatea da bakoitzak dagozkion ardurak betetzea, eta eman beharreko diru laguntzak ematea”.
Itsasertza “oso kaltetua” dagoela esan du Izagirrek. Zubien kasuan bi zubik egiturazko kalteak dituztela azaldu du —Maria Kristina eta Mundaizkoak — , eta kale bazter askotan egin beharko dira lanak. Negozio eta etxebizitzak dira ere alkatearen kezka iturri nagusietako bat, “herritarrei eragiten dizkieten kalteak”.
Olatu handiak biharko
Bihar berriz zazpi metro inguruko olatuak espero dituzte kostaldean, eta hori dela-eta berriz ere neurriak hartu beharko dira. Krisi mahaia deituta dago 12:00etarako. “Herritarren portaera” da orain garrantzitsua, alkatearen ustez, eta Udalak egiten dituen aholkuak kontuan hartzeko eskatu du, “autoak lekuz mugitzeko, ez hurbiltzeko leku arriskutsuetara eta horrelakoak”.