Kultur aniztasuna sustatzen duten elkarteek diru laguntza jasoko dute
Diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago eta otsailaren 28a arte aurkez daitezke proiektuak.
Kultur Aniztasunaren arloak elkarren ezagutza eta aitortzarako ekintzak diruz lagunduko ditu irabazi asmorik gabeko erakundeen bidez. Hala, Udalak Kultur Aniztasun departamentuaren bitartez, Donostian bertan edo donostiarrentzat interesgarri gerta daitezkeen beste esparru batzuetan kultur aniztasunaren aldeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko diru laguntzak emango ditu; 21.500 euro bideratuko dituzte horretarako.
Ezaugarriak
Diruz laguntzeko modukoak izango dira 2014ko urtarrila eta abenduaren arteko ikerketa, sentsibilizazio, prestakuntza, zabalkunde, eztabaida eta hausnarketa proiektuak edo jarduerak, ondoko printzipio hauekin: jatorri eta kultur aniztasuna bultzatzea, elkarrizketarako, bizikidetzarako eta desberdintasun eskubidea eta errespetua gauzatzeko; jatorri eta kultur aniztasunaren ezagutza eta aitortza sustatzea; aukera berdintasuna sustatzea; parte hartzerako guneak eta jabekuntzarako dinamikak sortzea; euskara sustatzea berdintasunerako, kohesiorako eta gizartea uztartzeko elementu komun gisa; eta, entitateen edota beste motatako gizarte eragileen arteko elkarlana eta esperientzia trukea aintzat hartzea.
Izena ematea
Izena emateko inprimaki guztiak Donostiako Udalaren webgunean daude, eta baita oinarriak ere. Dena den, informazio gehiago nahi duenak Kultur Aniztasunaren sailarekin ere jar daiteke harremanetan: 943 481 498 edo Kulturaniztasuna@donostia.org.