Santa eskean ibiliko dira donostiarrak
Añorgan baserriz baserri abestuko dute arratsaldean; eta Loiolan, La Salle ikastetxeko haurrek egingo dute ibilalditxoa; Egian ere kantari ibiliko dira.
Santa Ageda bezpera degu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua deguna dio abestiak. Halaxe, makilak eskuetan hartu, eztarriak findu eta eskean aritzeko eguna izaten da otsailaren 4a. Ohitura zaharrak mantentzeko asmoz, Añorgan, Loiolan eta Egian behintzat santa eskean ibiltzeko asmoa dute.
Trikitilari eta bertsolariak izango dituzte lagun Añorgan, 17:15etik 20:30era. Amassorrain ikastolatik hasiko dira kantari, eta auzoko baserriak bisitatuko dituzte. Loiolan, berriz, La Salle ikastetxeko haurrak ibiliko dira koplak abesten auzoan barrena. Lehen Hezkuntzako bigarren mailakoak 15:00etan irtengo dira auzora, eta seigarren mailakoak, berriz, Ametzagaña aldean ibiliko dira kantari. Egian, 19:00etan jarri dute hitzordua, Arrano Elkartean.