Traineruarekin ere lehiatu da Donostiarra
Hondarribiako jaitsieran hamaikagarren postuan geratu da ‘Torrekua’, eta igandean batela uretaratuko du, Orioko lehian.
Donostiarraren Torrekua trainerua lehiatu da dagoeneko aurtengo denboraldian. Hondarribiako XIV. Traineru Jaitsieran parte hartu zuen Xabier Zabalaren kuadrillak, larunbat arrratsaldean; eta hamaikagarren postuan geratu zen, 23 minutu eta 46 segundoko denbora eginez. Guztira, gizonezkoetan, 17 traineru uretaratu ziren, metereologia gogorrari aurre eginez, eta Hondarribia izan zen azkarrena (22:02). Emakumezkoetan, berriz, San Juanek (15:43) irabazi zuen, eta beteranoetan, Zumaiak (16:07). Taldeei lehiatzeko aukera ematen diete halako jaitsierek, traineru ligei ekin aurretik.
Gipuzkoako Batel Ligari dagokionean, joan den asteburuan bi jardunaldi jokatzekoak ziren, eta Donostiarraren batelen bat bertan parte hartzekoa zen; larunbatean, Orion, eta igandean, Pasaia San Pedron. Metereologia iragarpen gogorren ondorioz, ordea, bi lehiak bertan behera uztea erabaki zuen federazioak. Datorren igandean, Orion izango da batel ligako lehia, 10:30ean.