Mugikortasun jasangarriago, seguruago eta osasuntsuago baterako bidea zehaztu dute
Mugikortasun seguruago bat lortzeko hezkuntza estrategiak aurkeztu dituzte gaur udaletxean. Udal ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Hezkuntza departamentuko ordezkariek hartu dute hitza, eta hiriko hainbat agenteren aurrean, ikastetxeetako arduradunak esaterako, hiri seguruago bat lortzeko eman daitezkeen pausoak aztertu dituzte.
Agenda 21 proiktuaren bidez ikastetxeetara hedatu duten Eskola Bidea egitasmoa da mugikortasun jasangarrirako adibide bat. Hamar urte badira abian jarri zutela. Eskola Bidea egitasmoaren helburua haurrak eskolara bide segurutik, oinez eta nagusien laguntzarik gabe joan ahal izatea da, mugikortasun mota hori sustatuz eta erraztuz.
Altza, Intxaurrondo, Martutene eta Loiolako Erriberan dagoeneko abian da Eskola Bidean. Ikastetxe eta Udalaren arteko elkarlanaren ondorioz sortua dela esan du Juan Karlos Izagirrek, eta mugikortasun eredu hori hiri osora zabaltzea da erronka. Helburu horrekin egin dituzte gaurko jardunaldiak eta lau helburu nagusi zehaztu dituzte:
-Ikastetxeetan eta herritarren artean hiriko joan etorriak motordun ibilgailuetan egitearen eragin negatiboei buruz hausnarketa eragitea.
-Ikastetxeetara joateko familien mugikortasun ohituretan aldaketak eragitea, iraukorragoa, seguruagoa eta osasungarriagoa izan dadin.
-Ikasleen autonomia hobetzea, mugikortasun kultura aldatuz.
-Eragileen parte hartzea sustatzea.
“Garai batean zenbat eta mugikortasun gehiago edukitzea hobea zela pentsatzen zen, gaur egun, berriz, zenbat eta mugikortasun gutxiago, hobe”; halaxe esan du alkateak. Herritarrek etxetik gertu lan egin edo gertuko ikastetxera joateko eskubidea dutela gaineratu du. “Hau hiri proiektu bat da, denoi eragiten diguna eta denon parte hartzea eskatzen duena”, esan du Izagirrek.



