Zazpi emakume margolarik euren lanak ikusgai jarri dituzte Okendo kultur etxean
Juan Albin donostiarraren ikasleek harro erakutsi dituzte euren sorkuntzak; Hernaniko Gure Etxola dute ikastoki.
Ana Lasarte, Begoña Ugarte, Damina Arrizabalaga, Elizabeth Mujika, Juana Etxeberria, Nieves Kortabitarte eta Pilar Arrieta. Horiexek osatzen dute Zazpi Emakume Margolari Taldea. Seniorrak dira guztiak, baina adin desberdinetakoak. Hala, batzuk pintzel artean urteak daramatzaten arren, beste batzuk hasiberriak dira. Hernaniko Gure Etxola eskolan aritzen dira euren sorkuntzak lantzen, Juan Albin irakasle donostiarraren gidaritzapean; eta gaurkoan, gustura erakutsi dituzte euren lanak. Izan ere, Zazpi Emakume Margolari Taldea izenburupean, euren lanik onenak biltzen dituen erakusketa zabaldu dute. Gaurtik martxoaren 22a arte egongo da ikusgai, Groseko Okendo kultur etxean. Gainera, zortzigarren baten lanak ere ikus daitezke, Maite Gil gonbidatu baitute bere marrazkiak ere erakus ditzan.
Susana Bustero Okendo kultur etxeko zuzendaria eta Juan Albin irakaslea arduratu dira erakusketa azaltzeaz, Albin bera izan baita erakusketaren komisarioa. “Zuhaitzean bi hosto berdin ez dauden bezala” esaldia jarri dute erakusketaren sarrerako horman, eta hala, guztiek talde bat eta bakarra osatzen duten arren, bakoitzak artea adierazteko bere estiloa eta era dituela azaleratu nahi izan dute. Guztira, 79 obrek osatzen dute erakusketa; horietako gehienak olioak dira, baina badaude collage-ak eta bestelako lan batzuk ere. “Koadroen atzean zelako indarra zegoen ikusi nuen hasieratik, eta beraiek ezagutzean guztiz maitemindu nintzen”, adierazi du Busterok. Azken batean, Busteroren hitzetan, kuadroak “zoragarriak” dira eta sekulako bizitasuna trasmititzen dute. Estilo artistikoei dagonienean, errealismoa eta adierazpen figuratiboa lantzen dituzte, eta naturan eta eguneroko inguruan lortzen dute inspirazioa. Hala, erakusketa koloretsua eta anitza osatzea lortu dute.
Erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, kultur etxearen ohiko ordutegian. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Sarrera doakoa da.
- Zazpi margolarietako sei, gaurko aurkezpenean, (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)






