Zurriola eta Kontxa artean 95 tona egur jaso dituzte
Hondartzetan denboraleak izandako indarra agerian jartzen duen datua da Kontxa eta Zurriola artean 95 tona egur jaso direla. Egur kopuru honi gehitu behar zaio Aldamar, Zurriola hiribidea eta Abuztuaren 31ko kalea bakarrik kontuan hartuta 11 tona hondakin baino gehiago jaso dituztela.
Udalaren arabera, hiria bere onera azkar itzultzen ari da, joan den asteburuko olatu-denborale historikoaren ondoren. Herenegun zubi guztiak irekitzeaz gain, atzo, Kursaaleko terrazako garbiketa lanak bukatu ziren eta ireki egin zituzten. Aldamar, Satrustegi etorbidea eta Ondarreta jadanik ia % 100ean garbituta daude. Horrez gain, Martutenen, Ur-Kirolaken eta Tenisean ere garbiketa lanak egin dira. Ondarretako eta Sagueseko estolda-zuloak garbitzen ari dira.
Denboralearen ondorioz, Maria Cristina zubiko harri handiak ibaira erori ziren, eta atzo, itsasbehera baliatuz, udal zerbitzuak harri hori berreskuratzen aritu ziren, garabi-kamioi bat erabiliz.
Orain arte 71 kaltetu pasa dira Udaletxetik. Hauetatik 34 merkatariak dira, 4 etxebizitzan kalteak izan dituztenak, 4 ibilgailuan kalteak izan dituztenak, 6 elkarte, 8 bizilagun elkarte eta 11 txalupen jabeak.

