Epaiketak geldiarazteko konpromisoa eskatu diete herritarrei
Parte Zaharrean KiroLIBREeguna egin dute gaur. Hainbat sumariotan auzipetuta dauden auzotar eta elkarteei elkartasuna adierazi diete.
Lau auzotar, espetxeratzeko arriskuan -Joseba Alvarez, Juani Lizaso, Aitziber Arrieta eta Asier Coloma-; eta hiru elkarte -Herria, Ikatz auzo biltokia eta Suhazi jatetxea- ixteko arriskuan. Gazte mugimendua, Batasuna eta Herriko tabernen aurkako makro sumarioetan auzipetutakoei elkartasuna adierazi diete, eta “salbuespen egoera hau” gogor salatu dute. Hainbat jarduera prestatu dituzte hil honetan epaiketa hauen aurka egiteko. Gaur KiroLIBREeguna egin dute Trinitate plazan, eta bertan eman dute hurrengo asteburuan egingo duten programaren berri. Besteak beste, otsailaren 15ean eta 16an Herria, Suhazi eta Ikatz auzo biltokia Libre Eguna ospatuko dute.
Asier Coloma gazte auzipetuak hartu du hitza agerraldian, eta desobedientzia zibilaren bidetik egindako protesten alde agertu da: “Gure ustez desobedientzia da Madrilek inposatzen dizkigun bidegabekeriei erantzuteko aukera koherente eta eraginkorrena. Kasu honetan, makro sumario desberdinetako 270 euskal herritarren aurkako errepresioa eta zigorra salatu, eta ahal den heinean, ekiditeko modua. Inolako zalantzarik gabe, gure herriak bizi duen egoera politiko berrian, non estatuen biolentzia den indarrean dagoen bakarra, desobedientzian finkatutako jarduera politikoek duten potentzialitatea frogatu dute”.
Hemendik aurrera ere konpromisoa eskatu diote jendeari epaiketak geldiarazteko, “denon artean epaiketak geldituko ditufu, auzoan nahi ditugulako, eta aski delako”.
[box]
Herria, Suhazi eta Ikatz auzo biltokia Libre Eguna
Otsailaren 15a, larunbata
12:00. Erraldoiak eta dultzaineroak.
13:00. Ekitaldia Ikatz kalean.
13:30. Tabernaz taberna, pintxo lehiaketa ibiltaria.
14:30. Bazkaria Arrano Beltza elkartean.
16:00. Kafe Libre eta jolasak.
17:00. Ikatz biltokian, umeentzako txokoa: magoak, jolasak, txokolate jatea eta pailazoak.
18:00. Musika emanaldia.
[/box]
- Irudian, gaur eguerdian Trinitate plazan egin duten prentsaurrekoa. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
- KiroLIBREeguna egin dute Trinitate plazan. (Argazkia: N. Lizarralde)




