(Argazkia: Real Sociedad.com)
Realeko emakumeen taldeak garaipen garrantzitsua (2-0) lortu du gaur eguerdian Zubietako z7 zelaian Fundacion Cajasol San Juan taldearen aurka jokatu duen partidan. Emaitza honekin, txuri-urdinek haien hirugarren garaipena jarraian lortu dute, bolada onarekin jarraituz.
Lehen zatian nagusi izan da Reala; bai jokoan zein aukeretan. Jabetza izanda, bisitarien edozein aukera ezer ezean utzi dute eta beraiena izatera itxaron dute. Naiara Beristain urrutiko bi jaurtiketekin saiatu da baina ez du aterik aurkitu. Elenak, Huelvako jokalariak, txartel horia ikusi du eskuarekin txuri urdinen kontra eraso garbi bat gelditu ondoren. Lehen zatia amaitzeko minutu gutxi gelditzen zirenean, lehen gola lortu dute. Aintzane Encinasek ate barrura bidali du langan jo duen Nahikari Garciaren jaurtiketa bat.
Bigarren zatiak lehengoaren gidoia jarraitu du. Txuri-urdinak baloiaren jabe izan dira eta andaluziarrak ez dira gai izan horren aurrean ezer lortzeko. Etxeko jokalariek aukerak sortu dituzte baina garbiak izan gabe 71. minuturarte. Une horretan, Nahikari Garciak bigarrena lortu du jokaldi bikain batean, defentsa atzean utzi eta maisuki definitu du atezainaren aurrean. Abantaila handituta, bisitariek partidan sartuko litzaiekeen gola bilatu dute, baina berriro ere Realaren defentsak sendo eutsi die.
Emaitza honekin, Realeko neskak sailkapenean postu bat gora egin dute; zazpigarrenak dira 26 punturekin, eta honela Erregina Kopa jokatzeko helburura gerturatzen dira. Hurrengo astean Sevillaren aurka jokatuko dute.