2013ko turismo balantzea aurkeztu dute udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Halaxe esan du Josu Ruiz, Garapen ekonomikoko zinegotziak, 2013ko turismo balantzea aurkeztu dutenean. Donostia Turismoako zuzendari Manu Narvaez izan du alboan, eta gustura agertu dira iazko datuekin: 2013a “urte historikoa” izan dela esan dute.
2012an hasi zen goranzko joera, baina 2013a marka guztiak gainditu dituen urtea dela adierazi dute, bai bidaiari kopuruaren arabera (% 2ko igoera) eta baita gaualdi kopurari dagokionez ere (% 3,2 puntuko igoera). Eustaten arabera, iaz 494.951 bisitari etorri ziren Donostiara, eta guztira 991.235 gaualdi egin dituzte.
Krisi garaia dela kontuan hartuta, datu hauek oso positiboak direla aitortu dute, eta udal erakundeek turismoa sustatzeko abian jarritako estrategia nabarmendu dute. “Ekonomia krisia dela eta gainerako erkidegoetan jaso den turismoaren beherapenen aldean, Donostia izan da 2013an turismo jarduera handitu duen hiriburu bakarra”, esan du Narvaezek. Are gehiago, Are gehiago, Donostiak landu duen turismorako eredua erreferentzia gisa erabiltzen ari dira euren norakoak indartu nahi dituzten herrialde batzuk, Japonia esaterako.
Turismo planak hiru ardatz izan dituela azaldu du Narvaezek:
-Sormena eta bikaintasunagatik erreferente bihurtzea. Kantitatearekin batera kalitatea landuz.
-Turismoa handitzea, baina modu orekatu batean, urte guztiko turismoa sustatuz.
-Nazioartekotasuna.
Azken ardatz honi dagokionez, 2013a turismoaren nazioartekotzea finkatu duen urtea izan da. Izan ere, lehenengo aldiz atzerritarren gaualdi kopurua Espainiako turistena baino handiagoa izan da.
Joera berri hau turismo azoketara joanda, prentsa bidaiak antolatuta edo internet bidezko publizitatea erabilita nazioartekotzea sustatzeko jarraitutako estrategiaren ondorio zuzena dela esan du Narvaezek.
Bisitarien jatorria
2012ko datuekin alderatuz, ia % 12an egin dute gora nazioarteko bisitariek; 506.518 pertsona guztira. Horietatik gehienak Frantziatik etortzen dira (% 16,95). Ondoren, AEBtatik (% 13,46); Erresuma Batutik (% 10,57); Alemania (% 6,06), eta Australia (% 5,1). Aipagarria da Japonia eta Errusiako bisitarien igoera ere.
Espainiako bisitariei dagokionez, Madrildik datoz gehienak (%23,20), eta Katalunia bigarren postura jaitsi da (%20,72).
Donostia Turismoaren beste erronka bisitari kopurua urte guztian mantentzea da, ez udan bakarrik. Zentzu horretan, emaitza onak lortu dituzte, bisitari gutxien izaten den hilabeteetan ere kopurua handitzea lortu baitute. Eskaintza berezien bidez lortu dute hori.
Turismo bulegoko datuak
Turismo bulegoan ere datu positiboak jaso dituzte 2013an. 281.363 bisitariri eskaini zitzaion harrera zerbitzua, iazko urtean baino %8,8 gehiago. Horietatik gehienak nazioarteko bisitariak izan ziren.
Azkenik, produktu turistikoen salmentaren gorakada aipatu dute: 2013an 3.600 bisita gidatu saldu zituzten, 2012an baino ia %20 gehiago.