Igeldo. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Espainiako Hauteskunde batzordeak erabaki du Igeldori zenbat udal ordezkari dagozkion. Guztira, bederatzi ordezkarik osatuko dute Igeldoko Batzorde Kudeatzailea: Bilduk zazpi ordezkari izango ditu, eta EAJk eta PPk, bana. Hiru alderdiek izendatzen dituzten ordezkariek lehendakari bat aukeratuko dute hilaren 21ean. Lehendakariak alkatearen funtzioak beteko ditu 2015eko udal hauteskundeak egin arte, eta gainerakoek zinegotzi funtzioak.
Igeldo Gipuzkoako 89. udalerria izendatu ostean, hauteskundeak izan arte Batzorde Kudeatzailea osatu beharko duela ezartzen du Foru Aldundiko 46/2013ko Dekretuak. Foru Aldundiak Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralari eskatu zion Igeldoko Batzorde Kudeatzaile hori osatzeko zenbat zinegotzi dagozkion zehazteko eta alderdien artean nola banatuko diren erabakitzeko. Foru Aldundiak atzo jaso zuen antolaketaren berri.
Orain Bilduk, EAJk eta PPk batzorde horretan dagozkien ordezkariak izendatu beharko dituzte otsailaren 17a baino lehen. Izan ere, Igeldoko Batzorde Kudeatzaileko kideek otsailaren 18ko Foru Diputatuen Kontseiluan hartuko dituzte euren karguak. Ondoren bederatzi ordezkariek Igeldoko lehendakaria aukeratu beharko dute otsailaren 21ean.