Eskubaloi Koparen zozketa otsailaren 25ean egingo dute
Alcobendasen jokatuko dute lehia, eta Bera Bera zerrenda-burua izango da.
Alcobendas izango da Eskubaloiko XXXV. Koparen lekuko, eta bertan parte hartuko du Bera Bera Eskubaloiak. Dirua aurrezte aldera, atseden eguna kentzea proposatu dute antolatzaileek eta klubek, guztia hiru egunetan jokatzeko, hau da, martxoaren 14tik 16ra. Orain, ordea, proposamena Federazioko Delegazio Batzordeak onartu behar du. Edonola, otsailaren 25ean, 18:00etan, Alcobendaseko udaletxean egingo dute Kopako zozketa. Bera Bera zerrenda-buru izango da, Alcobendasekin batera. Rocasa, Atletico Guardes, Porriño, Elx, Zuazo Barakaldo eta Mar Alicante izango dira gainontzeko partaideak. Alcobendaseko Amaya Valdemoro kiroldegia izango da Koparen eszenatokia.