EAJ eta Bildu ados jarri dira aurrekontuak onartzeko
Udal gobernuak egindako 2014ko aurrekontu proiektua ordezkatu egingo dute, EAJ eta Bilduren artean adostutako osoko zuzenketa baten bidez. Gaur onartuko dute ordezko testua Ogasun batzordean. Ondoren, otsailaren 20an udalbatzarrean onartuko dute eta hamar eguneko epea irekiko da testu berriari zuzenketak egiteko. Behin epe hori pasata, martxoaren hasieran egingo dute 2014ko aurrekontuen behin betiko onarpena.
250 zuzenketa ditu Bildu eta EAJk adostu duten aurrekontu berriak. Baina funtsean bi ardatz nabarmendu dituzte: gastu korrontea jaitsi eta inbertsioak handituko dituzte. Horixe izan da, hain zuzen ere jeltzaleek hasiera hasieratik udal gobernuak aurkeztutako lehen aurrekontu proiektuari aldatu nahi izan diotena.
Iñaki Gurrutxaga eta Eneko Goia jeltzaleak, Juan Karlos Izagirre, alkatea eta Josu Ruiz udal gobernuko bozeramaileak eman dute akordioaren berri. Pozik agertu dira “Donostiak aurrekontuak izango dituelako”, eta “beharretara egokituz, arduraz jokatzeko” gai izan direla erakutsi dutela nabarmendu dute.
Dena dela, otsailaren 2ko denboraleak akordioa lortzen lagundu duela onartu dute. Izan ere, aurrekontu berrian adostutako inbertsioaren hazkundearen zati handiena denboraleak eragindako kalteak konpontzera bideratuko dute.
Ez dute adostutako testuaren datu ekonomiko zehatz askorik aurreratu, baina bai oinarrizko aldaketa nabarmen batzuk:
-Gastu korrontea jaitsiko dute. Adibidez, 1.610.000 euroko jaitsiera ezusteko gastuetarako.
-Inbertsioak handituko dituzte. Denboralearen kalteetarako 1.800.000 euro bideratuko dituzte. Baina gehiago beharko balitz, gehiago erabiliko dute. Beste partida txikiago batzuk zehaztu dituzte. Horien artean, errepideak konpontzeko 250.000 euro; etxebizitzak berritzeko 250.000 euro; hiriko mantentze lanetarako, 200.000 euro.
Hiria normaltasunez garatzeko aurrekontua bat beharrezkoa dela defendatu dute Bildu eta EAJ. Baina jeltzaleak bereziki pozik agertu dira gastuaren eta inbertsioen arteko oreka lortu delako, 2013ko kopuruetara gerturatuz.


