Erosterakoan, arreta pertsonalari garrantzia handia ematen diote donostiarrek
Mugarik Gabe eta Emaus Gizarte Fundazioak dinamizatzen duten Saretuz sare donostiarrak kontsumo kontziente eta arduratsuaren inguruan egindako ikerketa aurkeztu du gaur. Ikerketaren ardatza elikadurari lotutako kontsumo ohituren azterketa da, Donostian kontsumo kontziente eta arduratsua sustatzeko lan ildoak, helburuak eta ekintzak ahalbidetzeko. Beste ondorio batzuen artean, kontsumitzaileek erosterakoan gehien baloratzen dutena arreta pertsonala dela azaldu dute.
Sare donostiarrak jasotako datuei erreparatuz, Donostiako saltoki txikizkari gehien dituzten auzoak Gros, Amara eta Erdialdea dira. Azken urteotan, harategi eta arraindegi asko itxi dituzte eta okindegi eta frutadenda gehiago ireki dira.
Bestalde, donostiarrek goizeko eta arratsaldeko azken orduak erabiltzen dituzte gehienbat erosketak egiteko eta, arreta pertsonala asko baloratu arren, ohikoena supermerkatuetan (%43) egitea da.
Elikagaien jatorriari dagokioenez, saltoki txikizkarien hornitzaileen %70a EAEtik kanpokoa da. Ostalaritza eta ostatuen artean portzentai hori %34koa da.
Donostialdeko lehen sektoreko eta ekoizpenari buruzko datuek nekazaritzaren jarduera erraza ez dela adierazten dute. Baserritarren bizi baldintzen hobekuntzarako hiritarrek bertako eta sasoiko produktuen kontsumoa handitu beharko litzatekeela azpimarratu dute, hiran ditugun bideak erabiliz: ohiko merkatuak eta baserritarrekin kontsumo zuzena egiten dutenak, esaterako.
Genero ikuspegitik, eguneroko erosketen arduradunak emakumeak dira; baina internet bidezko erosketak gizonek egiten dituzte.


