Igeldo udalerri izateko dekretua bertan behera utzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Igeldo herri izendatzeko dekretua. Azaroaren 10ean egindako herri galdeketan desanexioaren alde egin zuten igeldotarrek, eta aldundiak dekretu baten bidez herri izaera eman zion Igeldori. Auzitara jo zuen Donostiako Udalak, Udalbatzak erabakita, eta auzitegiak arrazoi eman dio. Horrenbestez, auziaz erabaki arte, behin-behinean bertan behera utzi du dekretua EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Auziaren muinean ez da sartu auzitegia. Donostiako Udalaren argudio nagusia zen Igeldo herri bihurtzeak kalte atzeraezina eragingo ziola Donostiari, eta horretan oinarritzen da epaia. “Behin-behineko neurrien helburua prozesuak eragin ditzakeen ondorioak itzuliezinak ez izatea da. Horrenbestez, neurri hauek ez dira nahastu behar prozesuaren muinarekin, hori ez da epaitzen”, diote epaileek. “Prozesuari amaiera ipintzen dion epai irmoa erabaki arte mantenduko da neurria”, erantsi dute.
Udalaren argudio guztiak ez dituzte ontzat jo epaileek. Esan dute, hala ere, Igeldori independentzia ematea ez dela presazkoa. Honakoa da argudioa, azkenean: Igeldok hogei urte itxaron du independente izateko, eta, beraz, ez da premiazkoa berehala independentzia ematea, dekretua baliozkoa den edo ez argitu bitartean. “Faktore historikoak kontuan hartuta, ezin da esan interesa hain handia denik, auzitegiak dekretua baliozkoa den edo ez esateari ez itxaroteko”.
Datorren asteartean kargua hartzekoa zuten herria kudeatzeko batzordeko kideek, eta hurrengo ostiralean hautatzekoa zuten batzordeko presidentea.


