PSE-EE: "EAJk aurrekontuak oparitu dizkio Bilduri"
Oso haserre agertu dira sozialistak EAJ eta Bilduk 2014ko aurrekontuak onartzeko lortutako akordioagatik. Kritika zorrotzak egin dizkie jeltzaleei, “aurrekontuak oparitzea” leporatuz. Susana Garcia Chueca, PSE-EEko zinegotziaren hitzetan, “EAJk aurrekontuak oparitu dizkio Bilduri; ez dira hirirako zehaztutako aurrekontuak”.
Garcia Chuecak ez du ulertu hain denbora gutxian nola aldatu duen jarrera EAJk. “Udalbatzaz udalbatza udal gobernuaren eraginkortasun falta nabarmentzen dute jeltzaleek, baina bistan da aurpegi bat dutela plenoetan eta beste bat bulegoetan”, esan du zinegotzi sozialistak.
Bilduren neurrira egindako aurrekontuak direla salatu du PSE-EEk. Garcia Chuecaren arabera, aldatu den bakarra ezustekoetarako diru partida bat murriztu, eta denboraleak eragindako kalteak konpontzeko inbertsioetara bideratzea izan da. “Akordio hau gabe ez lukete hiria konponduko ala?”, esan du Garcia Chuecak.
Bestalde, sozialistek ez dute beren jarrera aldatuko eta osoko zuzenketa mantenduko dute.

