Realak duintasunez esan dio agur Kopako ametsari (1-1)
Amaitu da. Realaren ibilbidea bukatu da Espainiako Kopari dagokionez, Bartzelonak talde txuri-urdina kanporatu eta gero, itzulerako partida berdinketarekin amaitu ostean (1-1). Finalerdietara iritsi dira Jagoba Arrasateren jokalariak, finalera iristeko atarian izan dira, baina kataluniarrak, orokorrean, hobeak izan dira azkenaurreko kanporaketan.
Bartzelonan gehiegizko zigorra jaso zuen Realak, joaneko partidan. 2-0 galdu zuen Camp Noun, epaileak donostiarren aurkako zenbait erabaki hartu ondoren. Emaitza horrek baldintzatu du kanporaketa. Hala ere, egoerari buelta ematea zaila zirudien arren, Reala indartsu atera da gaur gauean Anoetako belargunera, itzulerako partidan. Zelai osoan presioa egin dute donostiarrek, baina Bartzelona indartsu eta sendo bat aurkitu dute aurrean, joaneko partidakoa baino hobea, denboraldi honetan orain arte ikusi dugun Bartzelona onena. Hala ere, etxekoek itxura bikainarekin esan diote adio Kopari, azken minutura arte burua makurtu gabe.
Lehen zatian iritsi da partidako gol erabakigarria, Messiren eskutik, 27. minutuan. Gol bikaina, argentinarrak sartzen dituen gehienak bezala. Gol horrekin, Realak lau gol behar zituen sartu finalerako sailkapena lortzeko. Zaila izatetik ezinezkoa izatera igaro da ametsa une horretan.
Realak berdin jarraitu du, lanean, presioa egiten, baina Bartzelonak sortu ditu aukera onenak. Izan ere, Eñaut Zubikarai atezain txuri-urdina izan da lehiako onena –kanporaketakoa ere–. Carlos Velak baloi bat langara bota du bigarren zatian; horixe izan da Realaren aukera garbiena… azken minutuetara iritsi arte. 87. minutuan, Griezmannek berdinketa lortu du, taldeko jokaldi eder baten ondoren. Merezitako saria jaso dute donostiarrek, ahalegin izugarria egin baitute.
Zaleek txalo zaparrada handi batekin agurtu dute taldea, zelaian dena eman dutelako, eta 26 urte zirelako Kopako finalerdietara iritsi ezinik zebilela talde donostiarra. Bartzelonak eta Real Madrilek jokatuko dute finala, baina hori beste istorio bat izango da. Zoritxarrez, Reala ez da protagonista izango.


