Bosgarren porrota jarraian jaso du Gipuzkoa Basketek (50-57)
Beste porrot bat jaso du Gipuzkoa Basketek etxean, oraingoan Valentzia Basketen aurka (50-57). Kanpotarrek Liga Endesako bigarren postuan zergatik dauden erakutsi dute gaur Illunben, eta hori partida hasiera kaskarra egin dutela. Hain zuzen ere, Gipuzkoa Basket ikusgarri aritu da lehen laurdenean (23-10). Donostiarrek aldeari eutsi diote bigarren laurdenean, 12-13 galdu arren, eta errenta ederrarekin joan dira aldageletara (35-23). Puntu gutxiko norgehiagoka izango zela argi zegoen, baina hirugarren laurdeneko emaitza inork gutxi espero zuen. Izan ere, Gipuzkoa Basketek 2 puntu bakarrik lortu ditu laurden honetan, eta Valentzia Basketek 20. Markagailuari buelta eman diote valentziarrek (37-43), hirugarren laurden madarikatu horretan. Horrela gauzak, laugarren eta azken laurdenean partida kontrolpean izatearekin nahikoa izan dute Perasovicek zuzendutako jokalariek. Jason Robinson oso lotuta izan du Valentziak, bigarren zatian defentsa zoragarria egin eta gero. Estatubatuarrak 8 puntu besterik ez ditu lortu.
Ligako hamaikagarren porrota da gaurkoa Gipuzkoa Basketentzat. Zortzi garaipen ditu. Azken bost partidak galdu ditu, eta Koparako sailkatzeko txartela galtzea ekarri du bolada txarra horrek. Momentuz, hala ere, arrisku postuetatik urruti dira donostiarrak, hamaikagarren postuan, jaitsiera postuetatik hiru garaipeneko aldearekin.


