"Ez al duzue ikusten itxita dagoela?"
Otsailaren 2a atzean geratu da, baina denboralearen kalteak oraindik ikus daitezke hiriko kaleetan. Zenbait kalte konpondu dituzte dagoeneko, baina gehienak konpontzeko denbora beharko dute oraindik. Hori dela eta, leku askotan hesiak jartzera eta mozketak egitera behartuta egon da udala. Hala ere, denboralearen irudi ikusgarriak –eta gogorrak– oraindik herritar askoren gogoan dauden arren, asko eta asko ez daude segurtasun neurri horiek errespetatzen ari. Eguraldi ederra egin du gaurkoan; igandea izanik, jende asko ibili da han eta han hemen kaltetutako guneak bertatik bertara ikusten. Irutxuloko Hitzak ere paseoa egin du, eta, ikusitakoak ikusita, ondorio bat atera du: herritarren laguntzarik gabe ezinezkoa izango da arrisku uneak saihestea.
Puntu beltzena Kursaal zubia da. Argi eta garbi seinaleztatuta dago zubiaren alde bat oinezko eta txirrindularientzat moztuta dagoela, itsasoak zubia babesik gabe utzi baitzuen. Hesiak daude, seinaleak ere; hala ere, oinezko ugari ibili dira itxita dagoen bazter horretatik. Bertatik igarotzeko, hesia inguratu ostean, errepidean bete-betean sartzen dira oinezkoak, eta hor sortzen da arriskua; auto eta autobusen eremuan sartzen direlako. Donostiabuseko autobus gidari batek leihotik adierazi die bere haserrea, gaur eguerdian, bertatik igarotzen ari zirenei: “Ez al duzue ikusten itxita dagoela? Gertatzen direnak gertatzen dira gero”.
Denborale arriskua igarota, Salamanka pasealeku osoa baino, zati txiki bat itxita dago; hesiz lotuta. Hala ere, olatuak ikusteko zenbait bisitari itsas ertzera gerturatu dira, horretarako barandaren azpitik sartu behar izan badute ere. Pasealeku Berria, ordea, hutsik zegoen. Urgullen magalean sakabanatuta dauden harri handiek ez dute neurriak urratzeko gogorik ematen. Hala ere, hemen hesiek ez dute aukera gehiegirik ematen, Aquiariumeko aldean batez ere, segurtasun neurriak indartuta baitaude tarte honetan. Denbora asko pasa beharko da pasealekua irekitzeko, Urgulletik ikusten diren kalteak ikusita. Ez dira nolanahikoak izan: 1.088.261 eurotan zenbatu dituzte.
Hain justu, joan den ostiralean, kalteek eragindako triskantza ekonomikoa gaurkotu zuen udal gobernuak; 5,7 milioi euroko kaltea zenbatu du, eta horietatik 1,2 milioi euro zubiei dagokie. Bada, zubien egoera desberdina da zubiaren arabera. Kursaal zubia lehenengo paragrafoan aipatu eta gero –347.500 euroko kalteak–, Santa Katalina dator ondoren. Bertan, espaloiaren alde bat itxita dago, baina oinezkoentzat errai bat zabaldu dute alde horretan bertan, berez bidegorriari dagokiona. Zubiaren babes batzuk falta direla ikusten da hesiaren beste aldetik, baita behin-behineko hesi batzuk jarri dituztela zati batzuetan ere. 400.162 euroko kaltea zenbatu dute hemen. Maria Kristinak, berriz, behin-behineko babesak ditu, jatorriko babesekin batera. Zubiaren joan-etorria normaltasunez ari da izaten; “normaltasuna” kakotxen artean, autobus geltokiko lanek hankaz gora utzi baitute ingurua, hesiz beteta ere. 143.920 euroko kaltea zenbatu dute zubi honi dagokionez.
Mundaiz eta Lehendakari Agirre zubiak konponduta daude, kanpotik dirudienagatik behintzat. Bi zubi hauetan 306.851 euro eta 45.000 eurotan finkatu dute kalteen balioa, hurrenez hurren.
Kai muturrak bere horretan darrai, kalte estrukturalekin, Kosta Zuzendaritzak egin beharreko lanen zain. Zurriola pasealekura normaltasuna iritsi da; hori bai, hondartzan hondarra mugitzen ibili da asteburuan hondeamakina bat. Kontxa ere txukuntzen jarraitzen dute, baita denboraleak kaltetutako beste hainbat txoko ere. Otsailaren 2an izan zen triskantza, urruti geratu dela dirudi, baina herritarren hizketalditxoetan oso presente egon da igande goizeko ibilalditxoetan. Irutxuloko Hitza, lekuko.

















