Ada Colau: "Justizia egin arte, ez dugu amore emango"
Arratsaldean ospatu den bistatik “pozik” atera dira eta hogei eguneko epean epaia jasoko dute.
Hilabete inguru igaro da IPRH indizea aplikatzeagatik, Stop Kaleratzeak plataformaren talde juridikoak Kutxabanken aurka bi salaketa jarri zituela. Gaurkoan, lehendabiziko salaketaren aurretiko bista ospatu da, Egiako epaitegian, eta bertan izan da Hipotekagatik Kaltetuen Plataformako bozeramaile Ada Colau ekintzaile katalana, kaltetuei bere elkartasuna adierazteko.
IRPH indizea “gehiegizkoa” dela salatu dute eta Kutxabankek negoziaziorik gabe eta bezeroen kalterako indizea aplikatzen jarraitzen duela: “Kutxabank entitate ankerrena da, sekula ez du onartzen etxebizitza ordainean ematea edota alokairu soziala kalteturiko familientzat eskaintzea”. Horren adibide “argiena”, Errenteriako Lorena Benitezen kasua dela azpimarratu dute. “2.901 euroko zorra dela eta, Kutxabankek hipoteka exekutatu eta bere babes ofizialeko etxebizitzaren jabe egin zen. Orain, Lorena eta bere alaba kalean geratzeko arriskuan daude”.
Gaurko elkarretaratzean, Ada Colau aktibista katalanak ere hitza hartu du eta milaka pertsonek jasan behar duten indizeari buruz mintzatu da. “IRPH aplikatzeagatik milaka familia kaltetzen ari dira. Izan ere, familia horiek hilabetean, batazbeste, 300 euro gehiago ordaindu behar dituzte. Kutxabankek Lorenari bere etxebizitza lapurtu dio eta Espainiako Gobernua ez ezik, Eusko Jaurlaritza ere jarrera horren konplize izaten ari da. Indizea baliogabetu beharko litzateke eta eragindako kalte anitzak konpondu. Dimisioak eta erantzukizunak exijitzen ditugu. Gu, bitartean, justizia egin arte, ez dugu amore emango”.
Jarri duten salaketaren aurretiko bista hirurak aldera egin da eta bertan izan direnek IRUTXULOKO HITZAri jakinarazi diote euren abokatuak lan bikaina egin duela eta “pozik” atera direla epaitegitik. Sententzia hogei egunen buruan jasoko dute.
[Gallery=145]