Gazte lokaletan mendekotasunei buruzko kanpaina bat jarriko dute abian
Iaz egindako azterketa baten arabera, 10-14 urte bitarteko donostiarren %24 erretzailea da.
Mendekotasunei lotutako gaiei buruzko informazio, prestakuntza eta aholkularitza programa bat jarri du abian udalak, aisialdiko lokalak erabiltzen dituzten gazteei zuzendua. Proiektua Donostiako Mendekotasunen Kontrolerako 2013-2015eko Planaren baitan kokatzen da. Gizarte Ongizate sailak bultzatutako plana da, iazko apirilean onartu zutena. Ailaket!! enpresak egingo du kanpaina.
Jon Albizu, Ongizateko zinegotziak azaldu duenez, proiektu honek gazteekiko harremanak bultzatu nahi ditu: “Gure ustez, mendekotasunen kasuan berebiziko garrantzia du hezkuntza eta pedagogia azpimarratzeak, informazioa eskura jarrita gazteek erantzukizuna eta askatasuna izango baitituzte beren erabakiak hartzeko.
Horregatik jo dute aisialdi gune edo lokalak erabiltzen dituzten gazteengana, “kontsumoari lotutako gaiei buruz eta osasunerako arriskutsuak diren beste jokabide batzuei buruz informazioa eta aholkularitza emateko”, esan du Albizuk. Mendekotasun Plana plan integrala da eta prebentzioa areagotzea eta hainbat kontsumo edo erabilera txarrek dakartzaten arazoak murriztea bilatzen du, kontsumitutako gaiak ilegalak nahiz legalak izan (alkohola, tabakoa, psikofarmakoak), teknologia berriekiko mendetasunak ahaztu gabe.
Iaz egindako diagnostikoaren arabera, mendekotasunak 10-14 urteko gazteen artean hasten dira, haiek baitira adin tarte ahulena. Donostian, adin horretako 7.979 gazte daude: 3.826 neskak dira eta 4.135, mutilak; haietatik %24 erretzaileak dira. %69k alkohola edaten dute eta %24k marihuana edo kanabisa kontsumitzen dute. Bestalde, adin horretako gazteen artean, %56k uste dute Internetek mendekotasuna eragiten duela, eta %44k eskuko telefonoek ere sortzen dutela.
Gazte lokalak pribatuak eta autogestionatuak direnez, udalak abian jarri duen zerbitzua borondatezkoa izango da.
Aisialdia aldatuz doa
Udalak, era berean, sailen arteko talde bat sortu du, horrelako lokalek segurtasun eta osasungarritasun inguruan bete behar dituzten oinarrizko baldintzak jasoko dituen irizpen bat sortzeko. Gazteria Saila aisialdiko lokal partikularrak erabiltzen dituzten gazteekin sarean lan egiteko proiektu bat sortzen ari da.
Naiara Sampedro Gazteriako zinegotziaren arabera, gazteen lokalek indar handia hartu dute aisialdirako eta elkartzeko bitarteko gisa, eta asko zabaldu dira. “Aisialdi mota horrek alde onak ditu: gazteek beren espazioa dute, eta beren autonomia pertsonala garatu dezakete; hezkuntza, kultur eta gizarte jarduerak abian jarri ditzakete, autogestioaren erantzukizuna garatu… Baina badaude beste alderdi batzuk ere, segurtasunaren eta osasun publikoaren aldetik kezka sortzen dutenak”, dio du Sampedrok.