Hemezortzi lagunek ikuskizun baten prozesua bertatik bertara ezagutuko dute
Donostia 2016 eta Donostia Kulturak dFeriarekin bat egin dute egonaldi artistiko bat antolatzeko. Ostiraletik, otsailaren 21etik, martxoaren 31 bitartean, Tanttaka Teatro konpainiak Viktoria Eugenian ezarriko da Blackbird izeneko lana sortzeko. Bertan dagoeneko izena eman duten hemezortzi lagunek hartuko dute parte eta antzezlanaren prozesua bertatik bertara ikusi eta bizitzeko parada izango dute.
Xabier Paya Donostia 2016ren Ahotsen itsasargiaren arduradunak azaldu du gaur aurkeztu duten ekimenak egungo politikak eraldatu eta berritzeko aurrerapauso bat dela. Izan ere, “lurraldeko ekipamenduak sortzaileen eskura jartzen ditu, herritarren eta artisten arteko zubiak eraikitzen dira eta eragile eta erakundeen arteko lankidetzarako eredu berriak aktibatzen ditu”. dFeriako zuzendari Norka Chiapusok nabarmendu du dFeriak bi lan ildo jarraitzen dituela eta jarduera hau barneko prozesu baten baitan kokatzen dela: “Zaila izaten da aktoreek euren lanak erakustea eta jarduera hau luxuzkoa da, antzezlaritza barrutik ezagutuko dute”.
Antzezlana David Harrowerek idatzitako testu batean oinarrituta dago, eta heldu eta hamabi urteko neska baten arteko harremaz dihardu. Fernando Bernues zuzendariaren gidaritzapean eta Isidoro Fernandez eta Fariba Sheikhan aktoreen laguntzarekin, Tanttakak testua oholtzara eramango du.
Horretaz gain, sormen prozesuaren inguruan Tanttaka Teatroarekin elkarbizitza izeneko jarduera ere antolatu dute. Martxoaren 12an (12:00etatik 17:00etara) hamabost pertsonek antzerki ikuskizun bat nola antolatzen den ezagutu ahal izango dute. Izan ere, konpainiaren eguneroko dinamika nolakoa den ikusiko dute: pertsonaien prestaketa, eszenografia eta argiztapena, besteak beste. Jarduerak hamar euro balio du eta interesa duen edonork otsailaren 21etik aurrera izena eman dezake, Donostia Kulturaren webgunean.
Prozesu sortzailea amaitu ondoren, urte bukaeran edo 2015ko hasieran antzezlana estreinatzea espero dute.