Estolderia garbitzeko kamioiak eta langileak aurkeztu dituzte. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aqualogy Donostiako estolderiaren mantenuaz arduratzen den enpresa da. Puntako teknologia erabiltzen du mantentze lanak egiteko, eta Kursaal jauregian egin nahi izan duten enpresaren aurkezpena. Lan prozedura azaldu dute, eta mantentze lanetan erabiltzen dituzten ibilgailuak eta langileak ere aurkeztu dituzte.
Nora Galparsoro, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, “udalak ahalegin handia egiten du saneamendu sarea egoera onean mantentzeko”. Donostiako Udalak, Aqualogy enpresari egindako esleipena urteko 2.016.655,39 eurokoa da. Horietatik, gehiena 1.656.655,39 euro garbiketak egiteko dira eta gainerakoa, 360.000 euro, konponketak egiteko.
Donostiako saneamendu sareak 786 kilometro inguru dauzka; 31.600 putzu eta erregistro kutxatila dauzka, eta 28.000 hustubide. Egitura hauek guztiak mantentzeko etengabeko garbiketa eta ikuskatze lanak ezinbestekoak omen dira. Dena den, estolderia egoki mantentzeko prozedura asko aldatu dela azaldu dute Aqualogy enpresako arduradunek Kursaalen: “lehen sokak, ontziak, palak eta eskorgak erabiltzen ziren eta langileak estoldetara sartuta egiten zuten lan. Orain kanpotik egiten da ia lan guztia”.
Kamara berezi batzuen bidez estolderia nola dagoen ikusten dute eta behar den lekuan egiten dituzte garbiketak; behar den tokietan eta behar denean. Garai batean sistematikoki egiten omen ziren.
Aqualogy enpresaren zereginak
Esleipen kontratuaren arabera, honakoak dira Aqualogyk egin beharreko zereginak: udal saneamendu sareko hoditeria eta osagaiak garbitzea, estolda sarea ikuskatzea, ur edangarriko tangak garbitzea, konponketa lan txikiak, eta estolderia planoak eguneratzea, besteak beste.
Narciso Berberana, Aqualogy enpresako zuzendaria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aqualogy arduratuko da baita elementu mekanikoak, jariatze urmaelak, gainezkabideak eta udal hobi septikoak garbitzeaz. Loiolako ur zikinen araztegiko hondakinak garraiatzeaz ere bai, behar bezalako tratamentua emateko. Udal saneamendu sarean baimenik gabe egindako isurien jatorria aztertzeaz ere arduratuko da.
Hortaz gain, saneamendu sarearen planoak eguneratu eta osatuko ditu Aqualogy enpresak. Hala, eraikin berrietako edo berritu behar diren inguruetako hargune hodien ikuskatzeaz arduratuko dira, eta txostenak egingo dituzte eraikuntza edo berritze lanak onartu baino lehen.
Ikusten ez den lana
Nora Galparsorok saneamendu sarea egoera onean mantentzearen lana azpimarratu du: “herritarrak ez dira estoldez gogoratzen arazorik ez dagoen bitartean; hori bai, arazorik gerta ez dadin beharrezkoa da bitartekoak bideratzea zerbitzu horretara. Ikusten ez den arren, funtsezko zerbitzua baita ur zikinak nahiz euri-urak egoki bideratzeko”.
Aqualogy enpresaren “sistema moderno eta eraginkorraren” bitartez, zerbitzuaren kalitatea bermatua dagoela esan du Galparsorok.