Haritzaldek Egiako parkea zaintzeko neurri zehatzak eskatu dizkio udalari
Parkeko biodibertsitatea babesteko plan bat diseinatu eta abian jartzeko beharra azpimarratu du elkarteak.
Arauen urraketak saihesteko zaintza zerbitzua ezartzea; animalien babesleku eta ugalketa eremuak ondo babestea; eta parkeko animalien biziraupena arriskuan jartzen dituzten kanpoko espezieak kontrolatzeko neurriak hartzea. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Egiako parkearen egoera hobetzeko udalari eskatu dizkion neurriak dira hauek.
Orain arte egindako ikerketa eta argitalpenak aintzat hartzea, eta parkeko biodibertsitatea babesteko estrategia edo plan bat diseinatu eta abian jartzeko ere eskatu dio. Azken hogei urte hauetan Haritzaldek Egiako parkea zaintzeko hainbat proposamen plazaratu duela azaldu du, Cristina Enea-Gladys Parkea (2009) liburuan esaterako. Argitalpen honetan parkearen historia, flora eta fauna aberatsaren berri eman zuen Joseba Gurutz de Vicente egiatarrak.
Aranzadi Zientzia Elkarteak ere, udalak eskatuta, parkearen biodibertsitatearen egoerari buruzko txosten bat egin zuela ekarri du gogora Haritzaldek, eta azterketa hartan agerian geratu zirela parkean premiazkoak ziren lanak: “Aranzadik hainbat neurri proposatu zituen, hezeguneak berreskuratzea eta berriak sortzea besteak beste, horiek guztiak ez dira egin”. Txosten hartan “dirutza” gastatu arren, bertan proposatutakoa “tiradera batean galduta” geratu dela salatu du.
2006. urtean udalak parkean egindako lanek kalte handia eragin zutela azaldu du Haritzaldek. Zenbait eremu artifizializatu, putzuak lehortu, urmaela itxuraz aldatu eta zenbait gunetako landaredia deuseztu zutela salatu du. Ordutik egoera ez dela hobetu uste du Haritzaldek: “Katu kopurua hazi egin da eta bertako hezgaztiak arriskuan jarri dituzte; herritar askok ez dute inolako errespeturik landare eta animaliekiko; kanpoko espezie arrotzak hazi egin dira -Floridako dortokak eta arrain gorriak-, bizikletak baimenduta ez dauden bideetaik pasatzen dira; etatxakurrak aske eta kontrolik gabe egoten dira hainbat gunetan”.
Elkarteak “aspaldi” egindako eskaera bat jarri du mahai gainean: “Hiriko parke handientzat zaintza berezia ezartzea, eta parkezainaren irudia berreskuratzea. Are gehiago, ingurumen alorrean eta bereziki gure ondare naturalaren babeserako, udaltzaingoan talde edo “unitate berdea” sortzea”. Halaber, parke handietan txakurrak sartzearen kontra daudela azaldu du, zaintzarik ez dagoelako eta bertako espezieentzat arriskutsuak direlako.