Jesus Etxeberriaren zuzendaritzapean arituko dira ikasleak, Viktoria Eugenia Antzokian.

Musikeneko Orkestra Sinfonikoko ikasleak, gaur goizean egindako entsegu irekian.(Argazkia; E. Zabala)
Musikeneko Orkestra Sinfonikoak urtero eskaintzen dituen hiru kontzertuetako bat eskainiko du astelehenean, 20:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian. Ikasleek euren lana herritarrei erakusteko duten aukera horietako bat izango da, eta gogoz entseatzen ari dira egun handirako. Beethovenen
Fidelio obertura, Mercadanteren
Flautarako eta orkestrarako kontzertua mi minorrean eta Berliozen
Sinfonikoa Fantastikoa izango dira emanaldia osatuko duten piezak.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 11, 13 eta 17 eurotan.
Jesus Etxeberria ari da zuzendari lanetan orkestrarekin, eta goizean zuzendu duen entsegua komunikabideentzako ireki dute. Bakarkako lana egin ostean, dagozkien instrumentu taldeekin entseatzen dute musikariek, eta ondoren, sei egun izaten dituzte elkarrekin kontzertua prestatzeko. Guztira, Musikeneko 80 ikasle inguruk osatzen dute orkestra; derrigorrezko ikasgaia dute orkestrarena, eta hainbat mailetako ikasleak nahasten dira bertan.
Azken batean, Musikeneko Patri Goialde hitzetan, orkestra Musikeneko talde esanguratsuenetako bat da. “Orkestra profesional batek erabiltzen duen lan egiteko modua imitatzen saiatzen gara. Banakako eta taldeko lana egiten dute ikasleek, eta kontzertu bat dute helburu bukaeran. Kontzertu horrengatik ordaindu duen publikoa izango dute aurrez aurre, eta horrek eskatzen duen ardura zein den ere jakingo dute”, azaldu du Goialdek.