Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotziak eman du gizarte laguntzen berri. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Iaz 571 familiak jaso zituzten udal laguntzak.
Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotziak eman du gizarte laguntzen berri. Bi partida bereiztu behar dira: arrisku egoeran dauden pertsonentzako udal laguntzak (850.000 euro) eta Gizarte Larrialdiko laguntzak osatzeko udalari dagokion zatia. Hau da, Eusko Jaurlaritzak ekarpen bat egiten die udalei bertako gizarte larrialdiei erantzuteko, baina normalean Jaurlaritzaren laguntza horiek ez dira nahikoak izaten behar guztiei erantzuteko, eta Donostiaren kasuan, udalak ordaintzen du aldea. 2013. urtean 830.000 euroko ekarpena egin zuen Donostiako Udalak. Albizuren arabera, aurtengo zenbatekoa ezin dute kalkulatu oraindik, Eusko Jaurlaritzak ez dituelako zehaztu ez aurten laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak eta ezta egingo duen ekarpena ere. Dena dela, udal gobernuak larrialdi beharrei erantzuteko konpromisoa berretsi du Albizuk.
Izan ere, zinegotziak adierazi duenez, gizarte laguntzak ezinbestekoak dira gizarte bazterketa kasuei aurre egiteko: “Diru laguntzak arrisku egoeran dauden pertsonei bideratzen zaizkie, gure lehentasuna pertsonak direlako; batez ere egoera ahulenean daudenak. Izaera sozialeko aurrekontua aurkeztu berri du udal gobernuak eta gure lehentasunen artean daude politika sozialak bultzatzea eta zerbitzu publikoei eustea, eta horren erakusle da gizarteratzeko laguntzen igoera, adibidez”.
Oinarrizko beharrak
Udal laguntzak eskatzeko irizpideak zabalak dira, eta kasuak banaka aztertzen dira. Zentzu horretan, gizarte langileen lana nabarmendu du Albizuk.
Aldizkako laguntzak izan ohi dira udalak eskaintzen dituenak. Honakoak izan daitezke: etxebizitza, osasun, garraio edo formazio gastuak, hirugarrenak zaintzeko gastuak, laguntza juridikoko edo zorpetze gastuak, etab.
Oinarrizko beharrizanak bermatzea denez helburu, gastuak instalazio elektrikoa konpontzeko izan daitezke, etxebizitzaren oinarrizko hornidurarako (oheak, hozkailuak), fiantzak eta alokairuak ordaintzeko, garbitzeko materiala, arropa, elikatzeko oinarrizko beharrak, farmazia gastuak, espezialistak, garraio publikoa, sarrera ekonomiko urriko familietako adingabeentzako jarduerak (koloniak, eskolatik kanpoko jarduerak), haur eskolak ordaintzeko edo atzerritarrek egoera administratiboa erregularizatzeko laguntza juridikoko gastuak ordaintzeko, besteak beste.
Gizarte laguntzen beharrean dauden herritarren egoera islatzeko datu bat eman du Albizuk. 2011. urtean 250.000 euro bideratu zituzten, eta aurten 850.000 euro. “Horrek, udal gobernuaren sentsibilitateaz gain, gizartearen egoera adierazten du”, esan du Albizuk.