Maravi Dafauce eta Ernesto Gasco, zinegotzi sozialistak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal gobernuak lanpostuen eguneratzea erabakitzean, hainbat funtzionarioren lan baldintzak aldatu egin ziren. Hala, desadostasunak sortu ziren udalean bertan, funtzionario batzuen soldata jaistea suposatu baitzuen udal gobernuaren erabakiak.
Desadostasun hauen ondorioz, udal gobernuak kanpoko abokatuak hartu behar izan ditu, sortutako lan gatazkak konpontzeko. Izan ere, udal teknikari eta abokatu askok eguneratze neurrien aurka egin dute. Ernesto Gasco, bozeramaile sozialistak, udalean bizi den egoera “eskandalu” bat dela adierazi du, eta bere erabakian atzera egiteko eta lan gatazkak konpontzeko akordioetara heltzeko eskatu dio Bilduri. Gascoren ustez, “arduragabe jokatzeagatik neurrigabeko gastuak sortu dizkio beste behin Bilduk udalari, kanpoko abokatuak hartzean; 126.000 euro ordaindu beharko dugu zerbitzuagatik”.
Arartekoak ere lanpostuei eragiten dieten neurriak errepasatzeko aholkatu duela jakinarazi dute sozialistek. Osteguneko udalbatzarrera eramango dute gaia, bi mozio aurkeztuko baitituzte. Gainera bihar, asteazkena, Zerbitzu Orokorreko batzordearen ez ohiko bilera egingo dute udaletxean, PSE-EEren eskariz. Alkatearen agerraldia eskatu dute, eta baita beste lau kargudunena ere: Giza Baliabideetako zuzendaria, Hirigintzako zuzendaria, Lan eta Proiektuetako zuzendaria eta udaleko idazkari nagusia izango dira agerraldian.