Ricardo Burutaran, Etxebizitza eta Hirigintza zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hala jakinarazi du Ricardo Burutaran, Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak. Osteguneko udalbatzarrean erakunde adierazpen bat aurkeztuko dute etxebizitza hutsen inguruan. Burutaranen arabera, gaur egungo krisiak milaka pertsonen bizitzei eragin die modu dramatikoan eta sortu zaizkien zailtasun ekonomikoak direla medio, ez dira oinarrizko beharretara iristen. Ondorioz, milaka familia hipoteka ordaindu ezinean daude, eta asko gainera etxegabetu egin dituzte.
Burutaranen arabera, milaka etxebizitza huts pilatzen dituzte finantza erakundeek, espekulaziorako erabiltzen direnak gainera. Honela, etxebizitza eskubideari buruzko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 25. artikulua urratzen dutela salatu du udal gobernuko zinegotziak, eta hainbat datu esanguratsu eman ditu. Kutxabankek adibidez, 161 etxebizitza huts ditu Gipuzkoan, horietatik 35 Donostian.
Neurriak
Gai honetan Donostiako Udalak ez duela eskumenik onartu du Ricardo Burutaranek, baina egoeraren larritasuna ikusirik, Eusko Jaurlaritzari egin diote deia, nolabait finantza erakundeen jarduna erregula dezan, eta onura ateratzeko helburuz etxebizitzak pilatzen dituztenak zigortu ditzaten.
Hala, bi puntutan laburbiltzen da Bilduk hurrengo udalbatzarrean aurkeztuko duen erakunde adierazpena:
Batetik, Donostiako Udalak eskatzen die finantza erakunde guztiei, batez ere Kutxabanki, Donostian hutsik dauzkaten etxebizitza guztiak Alokabide proiektuaren esku uzteko, alokairuan atera ahal izateko.
Bestetik, dagokien erakundeei eskatzen diete egin eta aldarrika ditzatela behar diren lege neurri guztiak, finantza erakundeek etxebizitzak hutsik mantentzen badituzte, zehapenak jarri ahal izateko.
Alokabide
Donostiako Udalak alokairuan dauden etxebizitzak kudeatzeko programa propio bat duela gogoratu du Burutaranek. Alokabideren bidez, partikularren etxebizitzak merkatuan jartzen dituzte, merkatu libreko prezioen azpitik. Iaz, 600 euroren inguruan zegoen alokairua, baina aurten prezioak jaitsiko direla aurreratu du zinegotziak.
Zerbitzuaren emaitza onak azpimarratu ditu. 2011. urtean 327 etxebizitza kudeatzen zituen Alokabidek, eta 2013an 448 etxebizitza. Hala ere, eskaera handia da oraindik, eta eskaera horri erantzuteko finantza erakundeen etxebizitzek lagunduko luketela esan du Burutaranek.