Udalak Arte Ederren eraikinean "esku hartzeko" proposamena egin dute
EAJk, berriz, C babes maila eman nahi dio, baina fatxada aldatzea ahalbidetuko lukeen erregimen berezi bat onartuz. Udal gobernuak, bestalde, C babes mailaren aldekoa da (eraikinaren barnealdea bota daiteke, baina kanpoaldeko fatxadak ez).
Egoera honen aurrean, zenbait elkartek euren desadostasuna adierazteko eta Arte Ederren eraikina ez eraisteko prentsaurrekoa egin dute gaur, herritar guztiei bihar egingo duten manifestaziora dei eginez. “Ehun urte betetzen dituen honetan, eraikinaren iraupena ez litzateke azken orduko presio ekonomiko edota adostasun politikoen araberakoa izan beharko. Espainiako zinema areto antzinena daukagu eta historikoki duen garrantzia eztabaidaezina da. Gainera, Arte Ederretako eraikina berebiziko ondare kulturala da eta datozen belaunaldiei transmititu behar diegu “, aldarrikatu du Ancora elkarteko kide Alberto Fernandezek.
Horrenbestez, elkarte hauek zenbait alternatiba proposatzen dituzte eraikina ez eraisteko. Alde batetik, eraikinaren jabe den Sade enpresak esku hartzea eta kulturarako erabiltzea proposatu dute. Baina, “azken 30 urteotan azaldu duen utzikeria” dela eta, hori ezinezkoa dela iruditzen zaie. Beraz, bigarren proposamen bat azaldu dute: “Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez, eraikinaren esku hartzea burutzea eta donostiarrok ditugun behar kulturalak asetzeko eraikina birgaitzea. Eraikinaren kanpo fatxada eta barnealdea, ahal den neurrian, bere horretan mantendu behar da. Ez dugu onartzen SADEk bere interes partikular eta espekulatiboei bide ematea”, azaldu du Bingen Haretzederrak Arkithektooneko kideak.
Arte Ederren eraikinari erabilera kulturala emateko eta eraikina ez botatzeko eskatuko dute asteazkenean. Koldo Mitxelenatik abiatuta, 19:30etan hasiko da manifestazioa eta, Francisco Escudero kontserbatorioko musika bandak lagunduta, Udaletxeraino joango dira.
Kontzentrazioa
Etzi, osteguna, otsaileko ohiko udalbatzarra ospatuko da udaletxean eta Eraikitako Hiri Ondarearen Planaren barnean, Arte Ederretako eraikinari buruz eztabaidatuko dute. Hori dela eta, Ancora, Arkithektoon eta Ondarearen defentsarako kideak bertan izango dira. “Udalbatzarrean hitz egiteko eskaera egin dugu, baina ezezkoa eman digute. Hala ere, bertan izango gara eta nahi duen guztiei dei egiten diegu zinegotziengan eragina izateko”, azaldu dute. Kontzentrazioa 13:00etan izango da, Alderdi Ederren.
Arte Ederrak defenda dezagun lelopean, manifestaziora deitu dute bihar, asteazkena, 19:30etan, Koldo Mitxelena Kulturgunetik abiatuta.
Datorren ostegunean, otsailak 27, egingo den udalbatzarrean Arte Ederretako eraikinaren inguruan eztabaidatuko dute. PP eta PSE-Ek eraikinaren D babes maila defendatu dute, hau da, eraikina bota eta berreraikitzeko aukera ematen diona.