Donostia eta Hondarribia arteko lasterketa martxoaren 23an egingo dute
Fortuna Kirol Elkartearen mendi lehia berezirako izen ematea itxia dago.
Donostia-Hondarribia Talaia Bidea izeneko mendi lasterketa antolatu du aurten ere Fortuna Kirol Elkarteak. Proba 2011n egin zuten lehen aldiz, eta mendi lasterketen egutegian erreferente bihurtu da antolatzaileen hitzetan. Aurtengo lehia martxoaren 23an izango da, 9:30ean, eta izen ematea atzo bakarrik egin zitekeen, Kirolprobak webgunearen bidez; izan ere, 500 lagunetan jarri dute gehienezko partaidetza muga, eta segituan betetzen da. Berezitasun nagusi bat du lehiak, Pasaian txalupa hartzen dutela partaideek, alde batetik bestera igarotzeko. Aurtengo lasterketa Asics Trail Series zirkuituaren barnean dago.
Guztira, 30’8 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Bideari ekiteko, Grosetik Uliara igoko dira partaideak, Kutraia bidetik Platako faroraino; handik Pasaia San Pedrora jaitsiko dira, eta Donibanera pasako dira; Kalaburtzatik gora, Jaizkibelera igotzeko lehenengo dorreraino jarraituko dute bidea, eta Txingurriarrin beheranzko bide luzea hartuko dute Biosnar lurmuturreraino, eta Artzukoporturaino iritsiko dira; bertatik Guadalupera igo eta Hondarribiko kasko zaharra zeharkatuz helmugaratuko dira.
Ulia eta Jaizkibel arteko pasabidea antolakuntzak ezarritako txalupen bidez egingo dute partaideek. Hori bai, txiparen bidez, itsas zeharkaldian igarotako denbora ez diote korrika egindako denborari gehituko.


