Jaurlaritzak ez du Loiolako geltokia egiteko dirurik aurreikusi
Hala jakinarazi zuten atzo jaurlaritzako ordezkariek Loiolako bizilagunekin eta udal ordezkariekin Loiolan bertan egin zuten bileran. Horrenbestez, azpiegitura horren lanei aurre egiteko konpromisoa etenda gelditu da berriro.
Udal gobernuak erakunde adierazpen bat eramango du martxoko udalbatzarrera. Loiolako geltokia eta zubibide berria ahalik eta lasterren egiteko konpromisoa eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari; lanak 2014an esleitzea nahi du Bilduk.
Garraio azpiegitura hauek udalbatza osoaren adostasuna dutela gogoratu du udal gobernuak, baina EAJ eta PSE-EEren “borondate falta”, azpimarratu dute, jaurlaritzaren 2014ko aurrekontuetan proiektuari dirurik ez bideratzea erabaki zutelako.
Nora Galparsoro, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak udal gobernuaren babesa azaldu dio bizilagunen aspaldiko eskaerari: “behin eta berriz hitzeman diete proiektua egingo dutela. Orain, hainbat urtez lanak eta zaratak jasan ostean, agindutakoa betetzeko unea da, ez aitzakiak jartzekoa”, esan du Galparsorok, “bizilagunekin eta donostiarrekin konprometitzea”, eskatuz Eusko Jaurlaritzari.
Etorkizuna zalantzan
Udal gobernuaren ustez Loiola eraberritzea beharrezkoa da. Gutxieneko baldintza duinak dituen geltoki baten beharra nabarmendu dute. Hala, aurreikusitako geltoki berriak oraingoaren irisgarritasun arazoak gainditzea eta erabiltzaileei eguraldi txarretik babesteko toki bat eskaintzea izango luke helburu.
Bestalde, geltoki berria ezinbestekoa da haren inguruan aurreikusitako jarduerak abiarazi ahal izateko. “Geltokia egin ezean, Lorategi Hiria eta Loiola naturalki batuko lituzkeen zubibidea zalantzan” geldituko litzatekeela adierazi du Galparsorok. Era berean, oinezkoentzako egokitzapenak ere kolokan geratuko lirateke. Beraz, “premiazko moldaketak behar dituen hiriko ingurune bat ezin izango litzateke behar den moduan egokitu, eta Loiolako bizilagunak beraiek izango lirateke kaltetuenak. Gabezia handienak dituzten hiriko eremuen egoera hobetzeko behar diren lanak ahalik eta lasterren abiaraztea oso garrantzitsua da”, esan du Galparsorok.


