Ostiralean hainbat jarduera egingo dituzte Bulebarrean gaixotasun arraroen eguna dela gogoratzeko
Otsailaren 28a Gaixotasun Arraroen Munduko Eguna da, eta aldarrikapen eguna ere bihurtuko dute ostirala hainbat herritan; baita Donostian ere. Donostia Ospitalean eta Bulebarrean informazio eta sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte, goizeko 10:00etatik aurrera.
Denok gara berdinak, denok gara desberdinak, Gaixotasun Arraroak ezagutaraztea denon ardura da izango da aurtengo kanpainaren leloa, eta udaletxean bertan ere ikusgai jarriko dute lelo hori daraman kartela.
Gaixotasun arraroak eritasun kroniko larriak dira, jaiotzean edo helduaroan agertu daitezkeenak, eta 10.000 pertsonetatik bostek pairatzen dituzte. Gaixotasunen %80 jatorri genetikokoak dira, eta heriotza tasa handiak dituzte. Dena dela, hurbileko kasurik ez bada, ezagutzen ez diren kasuak izan ohi direla salatu du Juana Mari Saenz, FEDER elkarteko kideak. FEDER Espainiako gaixotasun arraroen elkartea da. Urteak daramatza, gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eskubideak aldarrikatuz, eta euren bizi kalitatea hobetzeko lanean.
Horretarako ezagutza eta gizartearen babesa ezinbestekoak direla adierazi dute. Behar horretan oinarrituz, oraingoan Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa eman diote elkarteari eta baita ostiraleko kanpainari ere, eta arazoa ezagutarazten diharduten erakundeei laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.


