Aterkia eskuetan hartuta bisitatu dute Aingeru Zaindariaren ermita Ibaetako bizilagunek
Aingeru Zaindariaren Eguna ospatzen dute urtero Ibaetan, martxoaren 1ean. Hala, auzotik gertu dagoen ermitara jotzen dute Ibaetako bizilagunek goizean, 11:00tako mezara garaiz iristeko. Aurten ere ez dute hutsik egin auzotarrek, euritik babesteko aterkia eskuetan eraman behar izan badute ere. Erromeriak hasiera eman die auzoko jaiei.
Menua betikoa izan da: meza, salda, trikitilariak, Gorriti show eta bertsolariak. Posturen bat ere jarri dute ermitaren bueltan, erroskilak erosteko aukerarekin, eta jan eta edana ere aukeran izan dute bisitariek. Bertsolariak ere ohikoak izan dira, Beñat eta Unai Gaztelumendi añorgatarrak, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Goizeko saioan elkarri zirikan aritu dira bertsolariak, Inauterien kontura. Izan ere, ermitara joateko egunak Inauterien asteburuarekin bat egin duenez, mozorrotuak joatea bazutela gogoratu dute, hautu hori egin ez duten arren. Beñatek mozorro onena gauetan janzten duela esan du bere anaiak; “Gauetan asko kanbiatzen da, txintxo itxura du baina”, bota du Unaik.
Datorren astean ere izango da zertaz gozatua Ibaeta inguruan. Kontzertuak, jolasak, herri kirolak… ez da aspertzeko aukerarik izango.