Estibalitz Alvarez eta Iker Egiguren. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Txomineko Etxean bizi izan ziren lagunekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. Estibalitz Alvarezek eta Iker Egigurenek bertan bizitako urteak ekarri dituzte gogora.
Estibalitz Alvarezek duela bost urte utzi zuen Txomin etxea. Egun Baztanen bizi da altzatarra. Gaurko festan, bertan aurkitu dituen argazki bilduma zaharrak berreskuratu ditu, eta 11 urtean bizitako momentuak ekarri dizkiote gogora: manifestazioak, festak, desalojo saiakerak… “Etxe okupatuetan bizi den jendea pertsona autonomoak izan ohi dira. Hainbat borroka sozialetan inplikatzen dira, eta gu ere horrela ibili ginen. Jende borrokalaria ginen”.
Kontzertuetako eta festetako argazkiak ere erakutsi dizkio IRUTXULOKO HITZAri. Surfin Kaosen argazki bat berreskuratu du. Bertan agertzen dira Koldo Soret eta David Gil taldekideak, Txomin Etxearen barruan kontzertu bat ematen: “Askotan jo zuten hemen. Urtero deitzen genien, ohitura bihurtu zen”, esan du irribarrez.
Nostalgiarik ez du sentitzen argazki zaharrak begiratzen dituenean: “Garaiak dira. Etxe honek bere funtzioa bete du. Niri bizitza asko eman zidan. Orain familia bat daukat, ez dut etxea faltan botatzen. Pozik bizi naiz etxe honek eman didanarekin. Etxe honek dena eman dit”.
1995ean iritsi zen Alvarez Txominera. Artean lan egiten zuen eta oso argi zuen bi aukera zituela: “Etxe bat ordaintzeko lan egin, edo hemen bizi eta artean lan egitearen ametsa bete”. 11 urte eman zituen Txomin Etxean, eta jende asko eta asko ezagutu zuen. Beste hamar pertsonekin partekatu zuen etxea garai hartan. “Kultura bor bor egon da etxe honetan”, esan du harro Alvarezek. Proiektu artistikoak sortu, antzerki obrak entseatu… Etxea nolabait sare moduko bat izan dela uste du, eta horri esker hainbat proiektu egitea lortu du. Artelekun lan egin duen jendea ere Txomin etxean bizi izan dela azaldu du: “Behin Artelekura joan behar izan genuen, jendea hona ez bidaltzeko eskatzeko. Hau ez baita etxe publiko bat. Okupatutako etxe bat izateak ez du esan nahi etxe publiko bat denik. Bertan lan egiten duen jendearena baizik”.
[box]
Iker Egiguren: “Eman duena eman du, eta gustura gaude horrela”
Ondarrutarra da Iker Egiguren. 18 urte zituen Txomin etxera iritsi zenean. Txominen bizitako urteak politak izan zirela dio: “Oso gaztea nintzen hona iritsi nintzenean. Gauza asko ikasi nituen hemen”. 1994tik 2002a arte bizi izan zen han. Ondarroako jende asko elkartu zen etxean. Etxea utzi arren bertatik pasa den jendearekin harremana badu oraindik, horregatik etorri da gaur festara. Pena ematen dio etxea desagertzea, baina hala behar duela izan uste du. Gainera, uholdeen aurkako planak etxea uztera behartzen dituela dio: “Ez daukagu erresistentzia egiteko aukerarik. Auzo guztia botako dute, ez gara gu hasiko martirrarena egiten. Eman duena eman du, eta gustura gaude horrela”.
[/box]