Hiriko aginte makila hartu du Momo Jainkosak
Inauterietako nagusiak pozez jaso du boterea, eta leku guztietan poza zabaltzeko eskatu die herritarrei.
Urteetako ohiturari jarraituz, Momo Jainkosak hiriko agintea hartu du, gaur eguerdian, Inauteriak direla eta. Udaleko arduradunek ostegunean harrera egin zioten Momo Jainkosari, Londres Hotelean, bertan igaroko baititu Inauteriak, eta giltzak eman zizkioten. Gaur, ordea, Londres Hoteletik udaletxera kalejira alaia egin dute hainbat herritarrek Momorekin; aginte makila jasoko zuen unea bizitzeko. Los Pasai txaranga eta Zubietako zanpantzarrek jarri dizkiote musika eta erritmoa ibilbideari. Txassis konpartsako Aitziber Urkola da aurtengo Momo Jainkosa, eta hoteletik udaletxerako bidea karroza batean egin du, bere segizioarekin batera: Amaia German, Aitziber Crujeiras eta Maialen Yarza.
Inauteri zaleek gogotsu egin dute kalejira, eta udaletxe kanpoan zein barruan Momo Jainkosari ongietorri beroa egin diote. Eskimalez mozorrotutako Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak jaso ditu Momo eta bere segizioa, udalbatza aretoan. Hala, egunotan hirian agintzeko boterea eman dio Txapartegik Momori, aginte makilaren bidez. Ilusio handiz jaso du makila Momok, eta berak ere oparitxo bat egin dio Txapartegiri, Kontxako barandaren erreplika txiki bat. Opariak banatuta, Quisiera ser alcalde abestia jo du Los Pasai txarangak, eta bertaratu diren askok elkarrekin dantzatu dute.
Hiru dekretu
Momo Jainkosa datorren astelehen arte izango da hiriko nagusia; orduan bukatuko baitira Donostiako Inauteriak, sardina erretzearekin batera. Bien bitartean, Momok hiru dekretu ezarri ditu: Arte Ederren eraikina dagoen moduan uztea; Anoeta konpartseroen gozamenerako birmoldatzea, sanbodromo bihurtuz; eta hirian zubi bakarra uztea, Kursaaletik Loiolara bitartekoa, denboraleak puskatzeko zubi bakarra izan dezan. Barre artean jaso dituzte dekretuak herritarrek, eta pozez txalotu dute jainkosa. Edonola, eskaera bat ere egin die Momok bertaratutakoei: “Poza zabaldu ezazue leku guztietan, Inauterietaz gozatu, eta ondo pasa, irribarrea ahoan duzuelarik”.
Arratsaldean, konpartsek hiriko erdialdeko kaleetan barrena desfilatuko dute. Euria egin arren, jaiarekin aurrera egitea erabaki baitute. Bihar goizean, berriz, haur desfilearen txanda izango da.