Inauterietako haur desfileak Erdialdeko kaleak alaitu ditu
Bederatzi konpartsetako kideak dantzan aritu dira, jai giroa zabalduz.
Goiz osoan musika eta dantza nagusi izan dira hirian, Inauteri giroan. Erdialdeko kaleak Inauterietako haur desfileak bete ditu, eta hainbat herritar aritu dira partaideei jarraika. Bederatzi konpartsa atera dira euren mozorroekin, alaitasuna zabaltzera, eta ongi baino hobeto prestatutako koreografiak gogotsu erakutsi dituzte. Mystic, Aitor ikastola, Karmelo Txiki, Trumoiak, ILAE, Fama, Txassis, Denok taldea eta Intxaur Txiki konpartsak izan dira goizeko protagonistak; Bulebarretik irten eta Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Txurruka kalea, Gipuzkoa plaza eta Elkano kalea zeharkatu dituzte. Ibilbidea hasitako toki berean bukatu dute, ordubete ingurura, eta Bulebarretik Konstituzio plazara joan dira, emanaldia eskaintzera.


