Sevillak 1-0ekoarekin irabazi dio Realari
Gameiro izan da Sanchez Pizjuaneko gol bakarraren egilea.
Realari ez dizkio albiste onak ekarri Ligako 26. jardunaldiak. Sevillaren aurka jokatu du talde txuri-urdinak Ramon Sanchez Pizjuanen, eta saltsa gutxiko lehia eskainita, 1-0eko porrota jaso du. Gameirok sartu du norgehiagokako gol bakarra, partidaren hondarrean, 77. minutuan. Hala, jaurtiketa kaxkar batekin lortu du garaipena Sevillak. Ez du joko bikainik eskaini ez talde batek ez besteak, baina etxeko taldeak irabaztea merezi zuela pentsatuko du batek baino gehiagok.
Sailkapenaren seigarren postuan jarraituko du Realak, 43 punturekin, baina Sevillak gaurko hiru puntuak eskuratuta, gertuagotik jarraituko du, 38 punturekin. Bosgarren lekuan, berriz, Vila-Real dago, 44 punturekin. Beraz, oraindik ere Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukera du Jagoba Arrasateren taldeak.
Rayo Vallecanoren eta Valentziaren bisitak jasoko ditu Realak, datozen bi jardunaldietan. Martxoaren 10ean, Rayo, 22:00etan; eta martxoaren 16an, Valentzia, 21:00etan.


