Euskotreneko lanentzako irtenbidea eskatuko dute loiolatarrek
Urumea ibaia auzo elkarteak manifestaziora deitu du, larunbat eguerdirako.
Erreta daude loiolatarrak Euskotreneko geltokiaren lanekin; aurtengo urte bukaerarako lanak bukatuak egon behar ziren, baina geldik daude, eta luzerako joko duela dirudi. Hala, Urumea ibaia Loiolako auzo elkarteak manifestaziorako deia egin du. Datorren larunbatean egingo dute protesta, martxoaren 8an, 13:00etan, kultur etxe aurretik abiatuta. Loiola existe! Lanak bukatu! izango da erabiliko duten leloa.
Trenbide berria igarotzeko zubibide berria altxa zuten obrei ekin zietenean, baina bukatu gabe dago, eta zaharretik igarotzen da trena; hala, auzoan bi horma handi daude bata bestearen ondoan. “Egoera honen aurrean auzotarron haserrea erakutsi nahi dugu eta irtenbideak eskatu nahi ditugu”, dio auzo elkarteak.
Zehazki, joan den asteartean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela Loiolako geltokirako dirurik aurreikusi; beraz, azpiegitura horri aurre egiteko konpromisoa bertan behera geratu zen. Udal gobernuak, bere aldetik, erakunde adierazpen bat eramango du martxoko udalbatzarrera, Loiolako geltokia eta zubibide berria ahalik eta lasterren egiteko konpromisoa eskatzeko Eusko Jaurlaritzari.