Loiola Bizirik sortu dute auzoko eragile eta elkarteek
Aurkezpen bilera egingo dute bihar, 19:30ean, kultur etxean; Udaberri Eguna da antolatu nahi duten lehen jarduera.
Auzoan bizia dagoela frogatu nahi dute loiolatarrek. Hori dela eta, lehen aldiz bat egin dute auzoko elkarte eta eragileek, eta Loiola Bizirik elkargunea sortu dute. Zehazki, Loiolatarra Kirol Elkartea, Zuhaitz danborrada, La Salle ikastetxea, Hontza kultur elkartea, Urumea ibaia auzo elkartea, Sustrai aisialdi taldea eta Tantai konpartsa dira bat egin dutenak, Loiola Bizirik sortzeko. Aurkezpen bilera egingo dute bihar auzotarrek, kultur etxean, 19:30ean. Izan ere, dagoeneko jarri dute lehen helburua, martxoaren 22rako Udaberri Eguna antolatzea.
“Gauzak asko aldatu dira azken urteetan, baina ezin dugu esan auzoa lo dagoenik. Asko dira urtean zehar auzoko elkarte eta taldeek antolatzen dituzten ekintzak. Horiek bizitza handia ematen diote auzoari, eta giro aparta sortzen dute. Danborrada, jardunaldi mikologikoak, euskal kulturaren inguruan egindako jarduerak, Inauteriak, haurren aisialdia, kaldereroak, jaiak… jende askok lan egiten du auzoan, bakoitzak bere talde edo kolektiboan, eta bakoitza bere helburuekin. Baina bada elkartzen gaituen zerbait: Loiola” dio Loiola Bizirik elkargunearen oharrak. Azken batean, guztien arteko komunikazioa hobetzea nahi dute, Loiolari oraindik bizi gehiago emateko.