Edukiontzi marroia erabiltzen duten Amara eta Groseko bizilagunak martxoaren 10ean hasiko dira txipdun edukiontziak erabiltzeko txartelak jasotzen.

Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzia gaur goizeko prentsaurrekoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Udalak abian jarri duen
Hemen da Konposta kanpainaren xehetasunak azaldu ditu gaur Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak gaur egin duen prentsaurrekoan. Txipdun edukiontziak Gros eta Amara auzoetan martxoaren 17an hasiko dira ezartzen eta dagoeneko izena eman duten bizilagunek datorren astelehenetik, martxoaren 10etik, aurrera hasiko dira txartel berriak etxean jasotzen.
Martxoaren 17an ere donostiar guztiek
jokogarbia.donostia.org webgunean izena ematen hasi daitezke baina sistema berria erabiltzen hasteko euren auzoetan ezarri arte itxaron beharko dute. “Gros eta Amara auzoetako egokitzapen fasearekin batera, hiri osora zabalduko da
Hemen da konposta kanpaina”, esan du Galparsorok. Honela, apirilaren hasieran ekingo zaio ezarpenaren lehen faseari, hau da, udalak auzo guztietan informazio guneak jarriko ditu, herritarrek sistema berria ezagutzeko, zalantzak argitzeko edota bertan izena eman ahal izateko. Nora Galparsoro bera ere bertan izango da.
Gros eta Amaran 92 edukiontzi egokituko dira eta, guztira, 450 edukiontzi jarriko dituzte. Horien ezarpena lau fasetan egingo da:
- Morlans, Anoeta, Sagues eta Erdialdea: 95 edukiontzi.
- Ategorrieta-Ulia, Mirakruz-Bidebieta, Aiete eta Antigua: 93 edukiontzi.
- Añorga, Miramon-Zorroaga, Altza eta Intxaurrondo: 94 edukiontzi.
- Loiola, Loiolako Erribera, Martutene eta Zubieta: 50 edukiontzi.
350.000 eta 550.000 euro bitarteko aurrezkia
Kanpainaren lehen zatia uztailerako egongo da bukatua, hiri osoan sistema ezarriz. Donostiarren %40ak izena izena ematea espero dute eta horrek zabor organikoaren bilketaren kopuruetan “aurrerapausoa” suposatuko luke. Gainera, Nora Galparsorok azaldu duenez, San Markosi egin beharko zaion ekarpenean 350.000 eta 550.000 euro artean aurreztuko litzateke. “Birziklatzea denon ardura” dela gogoratu du Galparsorok eta kontzientziazioaren ondorioz, hondakin kopurua gutxitzen ari dela ziurtatu du. 2014an hondakinen kudeaketan 800.000 euro aurreztea espero dute.