15:00etan Kursaal zubia itxiko dute. Olatuekin bat egingo duten marea biziak direla eta, Urumeatik gertu dauden auzoen jarraipena ere egingo du udalak

Azken asteotako denboraleak olatu handiak sorrarazi ditu. (Argazkia: Lide Ferreira)
15:00etan Kursaal zubia itxiko dute.
Badirudi denboraleak ez diola albiste izateari utzi nahi. Metereologia albiste kezkagarriak datoz berriro ere, izan ere, Gipuzkoako itsasaldean alerta gorria ezarri dute gaur (astelehena) 16:00etatik 00:00etara eta bihar (asteartea) 00:00etatik 9:00etara. Eguraldi iragarpenaren arabera, 9 eta 10 metroko olatuak espero dituzte. Marea biziek bat egingo dute olatu handiekin.
Goizeko 9.00etan bildu den Udaleko Krisi Mahaiak 15.00etatik aurrera Kursaal zubia ixtea erabaki du, beste hainbat neurriren artean. Horretaz gain, 12:00etatik aurrera lehen hiru zubietako iparraldeko espaloiak ixtea erabaki du. Olatuak iragartzen dituen abisu honen aurrean Erregina Erregentetik hasita, Salamanca Pasealekuko zonaldea trafikoarentzat itxita mantentzea erabaki du.
Edukiontziak kendu dira, kutxatiletan saretak aldatuko dira eta Principe zinema-aretoko leihatila tabernan jarriko da. Bizilagun eta dendarien eskariari erantzunez, babeserako hondar zakuak banatuko dira eguerdian Zuloaga Plazan. Haizearen Orrazia, Leizaola Pasealekua, oinezkoentzat Zurriola Pasealekua eta Ondarreta eta hondartzera sarbideak ere itxita egongo dira. Hesiak metatuko dira, egoerak beste zubi batzuk ixtea eskatuko balu, eskura izateko.
Hondartzetatik gertu dauden instalakuntza guztiei egoerari buruzko abisua emango zaie, neurriak har ditzaten. Guneko arduradunak izendatuko dira, informazio jarioa arintzeko (Parte Zaharra, Kontxa eta abar). Ez da baztertu neurri hauek beste batzuekin osatu behar izatea, denboralearen egoeraren arabera.
Udalak kostatik gertu bizi direnei leihoak eta pertsianak jaistea gomendatu nahi die eta dendariei – jada abisatu ditu- dendak babes ditzaten. Era berean, bizilagun hauei gomendatu nahi die beharrezkoa ez bada ez daitezela etxetik atera eta hiritarrei oro har, kontuz ibil daitezela eta aurreikusi diren trafiko itxierak direla eta, ez dezakete ibilgailu pribatua erabili guztiz beharrezkoa ez bada, trafikoa kolapsatu liteke eta.
Krisi Mahaiak Easo eraikinean jarraituko du bilduta, hala ere, Aginte Postua Salamanca Pasealekuan kokatuko da. Gainera, olatuekin bat egingo duten marea biziak direla eta, Urumeatik gertu dauden auzoen jarraipena egingo da, hau da, Loiola (Lorategi Hiria) Txomin-Enea eta Martutene.